Puntista txikiek Udazken txapelketan hartuko dute parte

Baleike 2017ko urr. 19a, 18:14
Argazkia: Gipuzkoa pilota

Udazken izeneko zesta punta txapelketa hasiko da asteburu honetan. Bertan, alebin eta infantil mailako puntistek hartuko dute parte. Azaroaren amaierara bitartean sei jardunaldi izango dira eta abenduan finalaurrekoak eta finalak jokatuko dira. 

Elkartearen bidez eman dute izena pilotariek, baina norbera ordezkatuz ariko dira. Binaka jokatuko dute, hala ere. Dena den, bikoteak desberdinak izango dira astero, eta puntuazioa ere pilotari bakoitzari egokituko zaio, ez bikoteari. Elkarte desberdinetako pilotariak nahastu nahi ditu txapelketa honek, denek denen aurka eta elkarrekin jokatzeko aukera emanez, hartara maila orekatzen laguntzeko eta lehia bereziagoa egiteko.

Beotibar, Danok Bat, Donostia Jai Alai, Gazteleku, Hondarribia eta Zumaia elkarteetako pilotariek hartuko dute parte. Guztira, 54 puntista lehiatuko dira: 27 alebin, 14 A multzoan (7 aurrelari eta 7 atzelari) eta 13 B multzoan (7 aurrelari eta 6 atzelari); eta 27 infantil, 14 A multzoan (8 aurrelari eta 6 atzelari) eta 13 B multzoan (8 aurrelari eta 5 atzelari).

Denek ligaxka jokatuko dute 1. fasean, urriaren 22tik azaroaren 26ra bitartean. Hauexek dira maila bakoitzerako aurreikusitako jardunaldiak:

Alebinak

  • Urriak 22, Mutriku
  • Urriak 29, Donostia
  • Azaroak 5, Andoain
  • Azaroak 12, Hondarribia
  • Azaroak 19, Zumaia
  • Azaroak 26, Tolosa 

Infantilak

  • Urriak 22, Donostia
  • Urriak 29, Mutriku
  • Azaroak 5, Hondarribia
  • Azaroak 12, Andoain
  • Azaroak 19, Tolosa
  • Azaroak 26, Zumaia

Abenduaren 3ko jardunaldian jokatuko dituzte finalerdiak. Eta finalak abenduaren 17ko asteburuan izango dira ikusgai, Tolosan.