Alex Odriozolak irabazi du Itzurunen jokatutako bodyboardeko proba

Baleike 2017ko urr. 15a, 20:55

Euskal Bodyboard Zirkuituko bigarren proba jokatu da gaur Itzurun hondartzan. Iaz lortutako garaipena berretsi du gaur Alex Odriozola kirolari zumaiarrak. 

Kirol hau egiteko baldintza ezin hobeak izan dira gaur Itzurunen. Eguraldi eguzkitsua, hego haizea eta sekulako olatuak riderren maniobrak ikusteko. Hala adierazi digu Jon Lopez zumaiarrak finalaren atarian. Jende kopuru polita inguratu da Itzurunen egun osoan zehar eta kirolariek hori ere txalotu dute. 

Euskal Bodyboard Zirkuituko bigarren proba etxean geratzeko aukera handiak zeuden, finalera pasa diren lau kirolarietatik hiru Zumaia bertakoak zirelako: Alex Odriozola, Xabier Urrestilla eta Jon Lopez. Laugarren finalista Pablo Zabala sopelarra izan da. Tamalez, ikuskizunari dagokionez, barealdia izan da eta ez dira aurreko txandetan bezalako olatu ederrik izan. Odriozolak Itzurun primeran ezagutzen duela erakutsi du beste behin ere, eta 30 minutu iraun duen finalean lehen faseetatik buruan joan da. Une batean Zabala bizkaitarra hurreratu zaio, baina Alexek 10 puntuko olatu batekin erantzun dio. 17,67 punturekin irabazi du Odriozolak txapelketa hau. Zabala bigarren izan da, 14,43 punturekin, Urrestilla hirugarren 12,17 punturekin eta Jon Lopez laugarren 10,5 punturekin.

Gizonezkoetan, 18 urtez azpiko mailan, Yon Aimar lapurtarra izan da irabazlea, 13,5 punturekin, Mikel Atxega oriotarra bigarren (7,43 puntu), Andoni Jaio hirugarren (7,34) eta Unax Yeregui zumaiarra laugarren (5,13).

Emakumezkoetan, open mailan, bost parte-hartzaile izan dira finalean. Irabazlea, Ione Lopez Manterola izan da, 10,06 punturekin, bigarren Maddi Fernandez (9), hirugarren Lorena Gurruchaga (7,5), Xiaoni Uria (6,97) eta bosgarren Rebeka Antia (6,53).

Maila honetan, beste bietan ez bezala, txapeldunari ez zaio txapelik banatu ez eta lortutako postua erakusten duten txartelik ere finalistei. Finalean parte hartu duten kirolariei eta bertaratutako zenbait zaleturi ez zaie hori gustatu. Are gehiago Sopelan izandako lehen proban emakumeei beraien txapela eta txartelak eman zitzaizkienean. Federazioarekin harremanetan jartzeko asmoa erakutsi du kirolarietako batek. Hau izan da igande eguzkitsuan jokatutako txapelketako puntu ilun bakarra.