Jon Maia: “Nire lana egitera joango naiz, kontziente izanik ez dagoela inor inoren gainetik”

Baleike 2017ko urr. 13a, 09:09

Bertsolari Txapelketa Nagusiko azken final laurdenean abestuko du Jon Maiak (Urretxu, 1972)  larunbatean, 17:00etan, Tolosako Beotibar pilotalekuan. Zazpigarren aldiz hartuko du parte txapelketan, baina ez daki azkena izango duen edo ez. Azken Txapelketa Nagusiko irristada ahaztu eta gozatzera irten nahi du oholtzara.

Bost final laurden jokatu dira, nolako maila ikusi duzu?

Maila ona ikusi dut. Euskal Herriko Txapelketan beti egoten da maila ona. Azkenean denok gatoz lurraldeetako txapelketetatik, hau da, aukeraketa bat pasa eta gero. Orohar saio onak ikusi ditugu orain arte, eta bertsotan ondo egiten duen jende asko.

Nola ari zara prestatzen txapelketa? Taldean, bakarrik…

Bietara, egia esan. Nire kaza prestatzeaz gain, txapelketan parte hartzen ari diren beste bertsolari batzuekin elkartzen naiz. Hauekin batez ere simulazio ariketak egiten ditut, hau da, txapelketako ariketak. Gero elkarrekin komentatzen dugu zer egin dugun.

Txapelketak batu egiten ditu bertsolariak? 

Modu batean bai, izan ere, txapelketa prestatzeak, taldean biltzea eta elkarrekin konpartitzea ekartzen du, eta hori txapelketak duen gauza politenetako bat da. Bestela, nire kasuan behintzat, ez da oso normala izaten maiztasun jakin batekin beste bertsolari batzuekin elkartzea. Txapelketa bakoitza da zure burua birziklatzeko aukera bat. Aurrera egiteko okasioak dira. Nik behintzat horrela sentitzen ditut beti. 

Kuriosoa da agian, baina txapelketan aurkariak izango diren bertsolariekin prestatzen zarete.

Bai, hori da. Kontrarioak izango gara oholtzan, baina bertsoetako lehian, uste dut denoi interesatzen zaigula lagunak ere ongi egitea. Bi pertsonen arteko elkar-ulertzeak adibidez asko laguntzen du. Ez da erreza izaten entrenatzen ibili diren bi laguni batera kantatzeko aukera tokatzea, baina hala bada, bi bertsolari horiek beste konfiantza batekin ateratzen dira kantatzera. Bertsoak daukan kontraesan polita da hori. Beti esaten duguna, lehia da baina elkarlana ere bai. Hori da bertsolaritzak duen berezitasunetako bat. 

Larunbatean, azken final laurdenean, hartuko duzu parte Tolosan. Nola ikusten duzu zure burua?

Lana egitera noa. Bertsotarako lagun onak diren bertsolariak izango ditut bertsolagun eta gustura nago. Gehienak plazarik plaza dabiltza eta maila onean dabilen jendea da, eta horrek ematen dit sentsazio on bat saiorako. Nire lana egitera joango naiz, betiere, kontziente izanik ez dagoela inor inoren gainetik. Saioa bukatuta ikusiko dugu zein emaitza ateratzen den.

Final laurdenetako azken saioa izanik, beste bostetako emaitzak eta puntuazioak dakizkizu. Abantaila da hori?

Ni ez naiz batere kalkulatzailea, eta ez dut horretan pentsatzen. Azkenean oso zaila da bertsotan puntuazio baten bila kantatzea. Bertso bakoitzean ahal duzun onena egiten duzu, eta bai, erabaki dezakezu gehiago edo gutxiago arriskatzea. Baina nik egia esan ez dakit kalkulatzen, ez naiz estratega. Ni helduko naiz hara eta nire bizitzako saioa egiten ahaleginduko naiz, eta ea zer ateratzen den.

Zein da zure helburua txapelketa honetan?

Nire helburua da disfrutatzea. Uste dut sufritu beharreko guztia sufritu dudala dagoeneko. Nire zazpigarren txapelketa da hau, eta niretzat txapelketa polita izatea nahi dut. Hori da nire helburua, gauza onak eta politak egiteko txapelketa bat izatea. Noski, sailkapenari dagokionez, ahal dudan goren gelditzea nahi dut.

Berrikuntzaren bat aurkeztuko duzu?

Bai, doinu berri bat daukat pentsatuta baina ikusiko dut noiz aurkeztuko dudan. Oraindik ez dakit.

Azken Txapelketa Nagusian ez zinen finalean egon. Orduko arantza kendu nahi duzu?

2013ko txapelketa bukatu ondoren bi aukera nituen: nik deitzen dudan istripu harekin bukatu nire ibilbidea Euskal Herriko Txapelketan, edo lan egin berriz parte hartzeko eskubidea irabazteko. Bigarren aukera egitea erabaki nuen, eta bide luze bat izan da. Euskal Herriko Txapelketan kantatzeko aukera izateko, Gipuzkoako Txapelketan zerotik hasi behar izan nuen orain dela bi urte, hasierako kanporaketetatik. Azkenean eskubidea irabaztea lortu nuen, eta hori, niretzat, bertsolaritzak eman didan aukera berri bat bezala sentitzen dut. Nik irabazi dudan opari bat da, nire buruari egin diodan oparia, eta horregatik ahal dudan guztia disfrutatu nahi dut. Lan egiteko mentalitatearekin noa, eta azken txapelketan gertatu zitzaidanaren ondoren, eskarmentuarekin noa baita ere. 

Azken lau urte hauetan frogatu ahal izan dut ez dela ezer bukatzen Euskal Herriko Txapelketan ez bada karrera luze bat egiten. Kolpe handi bat hartzeari beldur diogu. Nik duela lau urte hartu  nuen, baina beti bezala jarraitu dut kantatzen. Mamu asko kentzeko balio izan dit kolpeak eta orain talante berri batekin noa eta beldur horiek gabe. Ez badut lortzen goraino iristea ez da ezer gertatuko.

Finalera ez bazara iristen ez da izango porrot bat, beraz.

Ez iristeak dakarren porrot sentsaziotik libratu naizela uste dut. Hori bai, ahalik eta goren iristea nahiko nuke. 

Urte asko daramatzazu bertsotan eta izen bat duzu bertsolaritzaren historian. Horrek pisatu egin dizu azken lau urte hauetan?

Gipuzkoako txapelketan gaizki pasa nuen. Niretzat gogorra izan zen oso urduri jarri nintzelako. Intseguritate handia sentitu nuen, eta psikologikoki nerabezarora igarotzea bezala izan zen. Ordurarte egindako bide guztia, eta ordurarte nuen konfiantza galduta sentitzen nuen. Trabesia gogorra egin zitzaidan, eta Ilunbeko finalera oso nekatuta iritsi nintzen.

Jende askorentzat oso arraroa egin zen Euskal Herriko Txapelketan lau aldiz finalista izandako bat Gipuzkoakoan lehenengo kanporaketetatik parte hartzen ikustea. Lehenengo aldiz izena eman zuen jendearekin kantatu nuen, adinez doblatu egiten nituen asko, eta horren pisua sentitu nuen. Ez nintzen kapaz izan horretaz libratzeko. Eta orain berriz, hortaz libratuta noa. Badakit aldez aurretik inor ez dela inor baino gehiago. Edozein erori daitekeela, beraz benetako umiltasun batekin noa Tolosako saiora. Lan egitera noa eta saio eder bat egitea gustatuko litzaidake, eta nola ez, finalaurrekoan kantatzeko eskubidea irabazi.  

Urte asko izango dira Euskal Herriko Txapelketan final laurdenetako kanporaketetan abestu ez duzula.

Azken aldia 25 urterekin izan zen, 1997an. Ordezko hasi eta finalera iritsi nintzen. Orain 20 urte izan zen, zifra borobila da, eta tartean final hartara iritsi arteko nire bertsolaritza ibilbidea kontatzen duen liburua ere atera dut. Orain nire sentsazioa da antzeko bide bat egin behar dudala, orduan bezala. Sentitzen dut lau urte hauek izan direla berriz haste bat, eta bizitzak lekzioak ematen dizkizu. Inor ez dago betirako goian, inork ez dauka ziurtatuta ezer bere izenagatik. Hori badakizu, baina igual bizitzak gogorarazten dizu modu gogor batean. 

Bost saio hauetan ikusi da gazte jendea indartsu datorrela, eta bost saioetatik lautan emakumeak izan dira garaileak.

Niri normala iruditu zait emakumeek irabaztea. Ezagutzen dut emakume horiek duten maila eta normala egiten zait beraiek irabaztea. Ez nau harritu batere. Beharbada norbaitentzat datua harrigarria izan daiteke, baina niretzako ez. Txapelketa honetan belaunaldi berrien indarra ikusten ari gara, beraien garaia da.

Belaunaldi berrietako bertsolariak protagonismoa hartzen ari dira. Finalean gazte gehiago ikusiko ditugu? 

Nik uste dut baietz. Agian ez ditugu ez dakit zenbat ikusiko finalean, baina protagonismoa hartzen ari dira. Azkenean normala da, plazetako errealitatea ere hori baita.

Ni 25 urterekin sartu  nintzen finalean, eta beste batzuk 20 urteren bueltan ere sartu izan dira. Beraz, orain 30 urteren bueltan daudenak sartu daitezke finalean, zergatik ez! Gu ere oso gazte iritsi ginen, eta nahiz eta bertsolaritzan denbora asko eraman, ez gara hain zaharrak. Guk ere nahi diogu geureari eutsi, eta badugu oraindik lehiarako gaitasuna.  

Zuretzako azkeneko txapelketa izango da, edo ez duzu horretan pentsatu?

Pentsatzen dut horretan bai, baina ez dakit zer izango den. Txapelketak berak esango dit. Ez dut nik erabakiko.