baleike.eus

Eztula ez da isildu

Baleike 2017-10-12 11:09   Kultura

Hiru hamarkada igaro dira AGE taldearen lehen kontzertutik. Musikari lehen bezain emanak jarraitzen dute Joseba eta Mikel Aizpurua taldekideek. Horren adibide da kaleratu berri duten Berandu baino lehen diskoa.

(Artikulu hau iraileko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Eztula ez da isildu
Argazkiak: Arnaitz Rubio Aprea | Ikusi handiago | Argazki originala

Musikak, eta, zehazki, rockak Zumaian izan duen bilakaerari errepasoa ematen dion edonork ezinbestean egingo du topo izen jakin batzuekin, izan izen horiek musikarienak, tabernenak, kontzertu antolatzaileenak nahiz melomano sutsuenak. Hala ere, historia idazten duenak ez du beti kontatzeko pribilegioa izaten, eta, aldiz, kontatzen duenak bere araberako historia idazteko aukera izan ohi du. Kontalaria edozein izanda ere, errepikatzen diren izenen artean egon beharko lukete Joseba eta Mikel Aizpurua anaienak. Historiari traizio egitearen zama, gutxienez, berekin eraman behar luke zaku horretan sartzen ez dituenak.

1986an eman zuen Ahuntzaren Gauerdiko Eztula taldeak lehen kontzertua, eta, azkena, berriz, pasa den uztailean, bere disko berria jendaurrean aurkezteko aprobetxatuz, Itzurun tabernan. Taldeari jarraikortasun falta egozten dionik bada; baita kontzertu gutxi ematen duela dionik ere. Edonola ere, ekinean izan dira azken 31 urteetan, denborarik gehiena lokalean sartuta eman badute ere. “Kontzertuak ematea baino, lokalean elkartu eta entseatzea gustatzen zaigu guri”, diote, bide batez, gaur egungo musika elkarrizketetan hain errepikatua den eta esanaren esanez sinesgarritasuna galtzera ere iritsi den “gure indargunea kontzertuak dira” esaldiari buelta emanez. Musikarekin duten konpromisoa nolakoa den, edo, gutxienez, musikak zenbateraino asebetetzen dituen ondoriozta daiteke esaldi horretatik. 

Hala ere, beste edozein talderen moduan, lokalean ereindakoa jasotzeko tartea hartzen dute noizean behin, eta hala egin dute berriki. Hamabi abestiko uzta bildu dute azken diskoan. Diskoa kalean izan arteko prozesua luzea izan dela onartu dute. Denbora zen abesti guztiak grabatuak zituztela, baina grabazioaren osteko entzunaldietan ohi baino zorrotzago izan dituzte belarriak: “Grabatzea gauza bat da, baina grabatu eta gero entzun egin behar dira. Kantu bat sortu eta gero, kantua horrek bere forma hartu behar du, ahotsak hartu behar duen bezala. Kanta askori puntu bat falta zitzaiela ikusi genuen”. Entsegu lokaleko ordu luzeetan, sintetizadore eta pista ugariko grabagailuen laguntzaz eman diete abestiei falta zuten puntua. Hala, bi instrumentu beharrean gehiagoren soinua ere nabari da; pianoarena eta mandolinarena, besteak beste.

Basadiko entsegu lokalean, etxe giroan, ekoitzi dute lana. Ekoizpen moduak ez die buruhauste handirik eragiten. “1992an izango zen. Donostiako estudio batera joan ginen, eta nahikoa esperientzia txarra izan zen. 100.000 pezeta gastatu genituen, eta emaitzarekin ez ginen gustura geratu. Etxean grabatzearen onena da nahi duzunean joan zaitezkeela. Estudiora, aldiz, ideia oso garbiekin joan beharra daukazu. Ordu jakin batzuk dituzu, eta, abestiak grabatzeko ez dituzu nahi adina hartualdi”.

Hamalau abestiko oinarria zuten disko berriari begira, baina horietatik bi kanpoan utzi zituzten. Espresuki diskorako materiala biltzen ibili ez badira ere, zerbait kaleratzea buruan edukita aritu dira lanean, onartu dutenez. Azken bi urteotan sortutakoak dira abestiak, baina atera aurreko azken sei hilabeteetan eman diote forma lanari; diskoa haien erritmora egokituz, eta ez alderantziz, baina iraungitzen utzi gabe. Hortik, titulua: Berandu baino lehen.

“Gu musikariak gara, batez ere, eta ez poetak edo idazleak”, dio Josebak. Elkarren osagarri izanik, ezin, hala ere, bata bestearengandik bereizi. Erosoago zertan aritzen diren jakinda, abestien sortze prozesua handik abiarazten dute. Musikatik, euren kasuan. Erritmoen gainean ahotsen melodiak, eta, azkenik, letrak. Azken horiek, gehienbat, Josebak egiten ditu. Inguruan duenetik edaten du, gehienbat, izan pasadizo xelebre batetik, esamolde batetik edo unean uneko sentipenetatik. Umoreari ere lekua eginez, ahal dela: “Mundua badakigu nola dagoen, baina musika pixka bat alaia bada, gustatzen zaigu letrak ere halakoak izan daitezen”.

Aitzindariak Zumaian

Egun dena baino askoz ere subertsiboagoa eta errebeldeagoa zen rocka, 1980ko hamarkadan. Eta hala bizi ez zutenek ere berritzailetzat bazuten, gutxienez. Testuinguru hartan sortu zen AGE. Musikalki, garaian aski ezaguna zen Taosa aretoan hezi ziren. “Musika zaharra jartzen zuten han: Deep Purple, Rory Gallagher, Janis Joplin… Han ikasi genuen musika baloratzen”. Giroak kutsatuta hasi ziren, belaunaldikide zituzten beste batzuk bezala.

“Gauza politak egin nahi genituen, baina ez genuen ez teknikarik, ez esperientziarik”, dakarte gogora. Egun ez bezala, orduko musikari hasiberriek euren kabuz ikasi behar izaten zuten musika jotzen. Musikaren harra barruan zutela, aitak gitarra bat oparitu zien bi anaiei. Joseba ezkerra dela, eta Mikel, aldiz, eskuina; horixe zuten arazoa, baina ez zitzaien gehiegi kostatu irtenbide praktikoa aurkitzea. Gitarraren sokak alderantziz jarri zituzten; tonu altuena dutenak mastilaren goialdean jarrita, alegia. Jotzeko modua moldatzera eraman zuen horrek Joseba. Hori dela eta, bakarren bati identifikagaitzak egingo zaizkio oraindik bere akordeak.

Laukote moduan hasi zen taldea. Ordutik hona, Askotan aldatu da formazioa. Joseba eta Mikel izan dira uneoro bertan mantendu diren bakarrak, eta, egun, bikote gisa aritzen dira. Ezeren gainetik, konpromisoa eta dedikazioa beharrezko dira, talde batek jarraikortasuna izango badu. Urteen poderioz, ondo ikasi dute lezioa bi anaiek, baina AGEtik igaro diren guztiek ez dute, arrazoi desberdinak tarteko, azaleratzen den azpian dagoen musikaren aurpegi hori gustukoegi izan, edo, besterik gabe, ezin izan diote bi anaiek adina denbora eskaini taldeari. “Talde baten soinua ona izan dadin, taldeko kide guztiek eboluzionatu behar dute maila berean, eta ordu askotako lana dakar horrek”, dio Mikelek.

Ez dira nostalgiari oso emanak Joseba eta Mikel, baina memoria ariketa handirik egin beharrik gabe, gogoan dituzte Zumaian loratu ziren lehen rock taldeak. Haiekin batera, Harri Koxkorrak eta Katxaperuak izendatu dituzte. Haien arabera, AGEren lehen kontzertuetako batera hurbildu zirenetako batzuk harritu ere egin ziren, musikariei aurpegia jarri eta zumaiarrak zirela ohartzean. Tradizio handirik ez zuen herrian rockak, nonbait, eta zuen gutxia kanpoko taldeei zor zitzaien. “Guri buruz entzun zutenek galdetzen ziguten ea gu ginen talde berri hura, aditzera emanez, hala bazen, edonork egin zezakeela rock talde bat”, dio Josebak.

Kontzertu agenda ez du inoiz beteegia izan AGEk, baina 1980ko eta 1990eko hamarkadetan, aldarrikapenez bustitako ekimenetan ez ziren musika taldeak falta izaten, eta aukera hori ahal beste aprobetxatzen saiatzen ziren, kideek diotenez: “Jaialdiren bat baldin bazegoen, hantxe joaten ginen kartelean, izan Gestoraren aldeko martxa bat, Korrika, nuklearren kontrako afari bat…”. Herritik kanpo ere izanak dira hainbat plazatan. Donostiako Le Bukowski tabernako oholtza gainean bi aldiz arituak dira, esaterako, Gipuzkoako hiriburuko nahiz kanpoko musika eskaintzaren arnasgune nagusietako bat den aretoan. Bereziki akorduan dute bi horietako bat, kontzertuagatik beragatik baino, testuinguru bitxiagatik: “Eurokopako finala botatzen ari ziren telebistan, gu kontzertua ematen ari ginen bitartean. Jendetza elkartu zen, baina telebista oholtzaren goian zegoenez, hara begira ari ziren gehienak, kontzertuari begiratubeharrean”.

Urteetan pilatutako hamaika anekdota dituzte kontatzeko. Baita “kontatu ezin direnak” ere, off the record utzitakoak. Anekdota bat du ardatz taldearen abesti ezagunenak ere: Felipinen istoriak. Taldeaz ezer gutxi dakiten askok ere entzuna izango dute hita. Gainerako abestiek ez bezalako oihartzuna izan zuen kanta horrek, onerako zein txarrerako. Mikel: “Bi aurpegi ditu. Alde batetik, ondo dago jendeak kanta batekin identifikatzea; bestetik, lau disko atera eta jendeak oraindik ere abesti bera eskatzen jarraitzea etsigarri xamarra da; baditugu beste 40 abesti, baina horrekin geratu da jendea; perretxikoak biltzera joateak, Guardia Zibilak eta horrek guztiak grazia egiten dio jendeari”.

Abestiaren ondorio positiboen artean aipa liteke, behintzat, lortu duela belaunaldi berriek AGEren berri izatea. Transmisioan lagundu zuen Paukoiat talde zumaiarrak duela urte batzuetako San Telmo jaietan AGEren bertsioak egin izanak ere. Gaia atera eta berehala, irribarrea ageri da bien aurpegian. “Ohore handia izan zen guretzat herriko talde batek gure abestiak jotzea”, dio Josebak. Momentuan ez ziren han izan. “Ez genuen nahi han izan, eta arreta geureganatzea. Gaua beraiena zen, eta eurak ziren protagonistak; ez genuen protagonismo hori guk eraman nahi”.

Egokitu beharra

Musikatik baino musikarako bizitzetik hurbilago egon da beti AGE, eta afizio hori lehen bezain bizi mantentzen dute oraindik. Mikelentzat “zeure buruari jartzen diozun erronka moduko bat” da musika: “Ez zara inoiz geldirik geratzen. Beti ari zara gauza berriak probatzen. Dinamika horretan sartzen zara, eta ederra da”.

Hasi zirenetik hona, aldatu dira musika joerak, ordea, eta aldatu da taldearen beraren musika ere. Akustikorako jauzia izan da, agian, aldaketarik nabarmenena. Prozesu luzea izan zen. Formazioan izandako aldaketek bultzatua, batez ere. Horrek ekarri zuen elektrikotik akustikora egokitu beharra. 1996tik 2006ra bitartean, taldeak ez zuen kontzerturik eman. “Ikusi genuen ez genuela nahikoa maila elektrikoan aritzeko. 2006an proposamena egin ziguten taberna batean formatu akustikoan aritzeko, eta, ordutik, hala ari gara. Lehen “B plana” akustikoa zen, eta, orain, berriz, alderantziz”. Rock gosea bere horretan mantentzen dute, ordea, eta entsegu lokalean astero arduratzen dira hori asebetetzeaz. Astean bi entsegu egiten dituzte formatu elektrikoan, eta beste bi akustikoan.

Horixe baitute habitat naturala: entsegu lokala. Noizbehinkako jendaurreko agerpenetan ematen diote publikoari han landutakoaren azken lagina. Tartekako dosi txiki horiek ere egin baitute berezi taldea. Edonola ere, erritmo mantso baina konstantean, mende herenetik hurbil da AGE. “Bada anbiziorik ez dugula dioen jendea. Guk musika maite dugu; egunero joz eta entseatuz disfrutatzen dugu. Hori anbiziorik ez edukitzea al da?”, bota du galdera airera Mikelek. Anbizioz edo adikzioz; baina musikari hertsiki loturik jarraitzen du bikoteak, eta gauerdian eztulka, ahuntzak. 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa