Joselu Oiarzabal 'Ielu': “Bidaiatzeari esker bizitzaren beste ikuspuntu bat dut”

Baleike 2017ko urr. 10a, 13:21

Joselu Oiarzabal du izena, baina Ielu bezala ezagutzen dute. Zumaiar hau azken 15 urteotan munduan zehar aritu da bidaiatzen, lekuak eta kulturak ezagutzen. Bizitako pasarte batzuk The World for my Pillow liburuan jaso ditu. Udazkenean du berriro motxila hartu eta munduan zehar bidaiatzeko asmoa.

(elkarrizketa hau iraileko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Bigarren urtez jarraian, uda garaian, Donostiako hotel batean dabil lanean Ielu. Lanak libre utzi dion egun batean elkartu gara egindako bidaiez eta atera duen liburuaz hitz egiteko. Atlas handi bat eraman dugu, gero, argazkiak ateratzeko. Berak dio atlasen beharrik ez duela, bidaiak, mundua, mapak buruan dituela azaldu digu. 41 urte ditu eta 26 urte zituenetik dabil munduan zehar bidaiatzen. Lana amaitu eta bidaiatzen jarraitzeko gogoa du dagoeneko, eta oraindik erabat erabaki gabe badu ere, Australiara edo Zeelanda Berrira joatea du buruan.

Nola sortu zitzaizun bidaiatzeko gogo edo behar hau?

Gazte nintzela, Zumaian, nire lanak egiten nituen, neskarekin ateratzen nintzen, saskibaloian jokatzen nuen eta hor konturatu nintzen zerbait gehiago behar nuela, hemengo bizitzak ez ninduela guztiz betetzen. Txikitatik nuen har hori. 17 urte nituela telebista bidez iragarritako Ciudades del mundo bilduma erosita nuen. Gero, pixkanaka, tope bat jo nuen. Ikusi nuen zerbait gehiago behar nuela, eta joan egin nintzen. Lehenbizi Dublinera (Irlandara) joan nintzen, ingelesa hobetzera. Hemen, eskolan, ingelesean nota oso onak atera nituen eta konturatu nintzen hizkuntzetarako dohaina nuela. Dublinen urtebete egin nuen, uste baino luzeago. Gero, lehen bidaia Jamaikara izan zen. Hori argi nuen. Kristoren esperientzia izan zen. Hiru hilabeteko bidaia izan zen, motxilarekin.

Bidaia bat egiten duzunean, nola planteatzen duzu?

Abentura gustatzen zait, batere planeatu gabekoa. Hori ere pixkanaka joaten zara ikasten. Beldur guztiak nituen hasieran. Hemen nuen guztia utzi behar nuen erabat ezezaguna zitzaidan leku batera joateko. Hasieran gauzak gehiago lotzen nituen, eta joan aurretik ostatua kontratatuta izaten nuen. Baina, pixkanaka, pentsatzen joan nintzen hura txorakeria zela, eta, gaur egun, autostop egiten dut toki guztietan; hondartzetan lo egiten dut eta umeen parkeetan ere lo egin dut. Azkenean niretzat, eta, esango nuke, denontzat, erabakia hartzea da garrantzitsuena. Banoa, eta joan! Behin joanez gero, dena ateratzen da ondo. Klaro, lapurretak jasan ditut, engainatu naute, baina hori normala da. Niri bidaiek dena eman didate. Beste pertsona bat naiz. Hizkuntza mordoa ere ikasi ditut, bizitzaren beste ikuspuntu bat dut, eta nire lehentasunak beste batzuk dira. Beste mundu oso bat zabaldu dit. Mundu hau hemen dago, eta gustura etortzen naiz, baina beste mundu horrek asko erakartzen nau.

Zer egiten duzu, urtean zehar lan egin eta bidaiatzera irten, edo iraupen luzeko bidaiak egin?

Denetik egin dut. Urte eta erdi jarraian bidaiatzen ibili, urtebeteko bidaiak, hiru hilabetekoak, bidaiatzera joan, leku hartan lana aurkitu eta gero bidaiatzen jarraitu. Denetik. Ez dut plan zehatzik. Etortzen denaren arabera. Eta lekua gustukoa badut, geratu izan naiz. Sei herrialdetan bizi izan naiz, eta hori planeatu gabe. Hego Afrikara joan nintzen eta aterpetxe batean lana aurkitu nuen; aspertu nintzenean alde egin nuen. Txilen berdin, Indian ere bai. Bidaiatu eta zerbait ikastea da inporta zaidana. Ez da bakarrik joan eta ikustea. Hemendik irten hemen bezala bizitzeko? Horretara ez noa. Behin joanda, hizkuntza bat, kultura bat ezagutu nahi dut. Herri indigenak ere asko gustatzen zaizkit. Pixka bat aukeratzen saiatzen naiz, ez naiz edozein tokitara joaten joateagatik. Eta ez badut nora joan, ez naiz joaten.

Turismoko gune handietara joaten al zara?

Kuadrillakoek beti esaten didate joaten naizela inor joaten ez den tokietara. “Bai, baina ez dut apropos egiten”, erantzuten diet. Thailandia, Asiako hego-ekialdea... Horrek ez nau batere erakartzen. Ez dut esaten ikusteko gauza interesgarririk ez dela izango, baina ez nau erakartzen. Beste zerbait nahi izaten dut. Kurdistanen izan naiz, Kanadara joan eta uharte batera joan naiz indigenak ikustera, Laponia... Jendea joaten ez den lekuetan izan naiz, baina ez da izan apropos bilatutakoa. Beti jendetzatik urruti egoten saiatzen naiz.

Zenbat tokitan egon zara?

60tik gora herrialde ikusi ditut. Batzuk pasadan, beste batzuk geldituta. Denetan ezin da gelditu, baina, bai, 64 edo 65 izango dira.

Zein izan da gehien gustatu zaizuna?

Iranera joan nintzenean, berez, Kurdistanera joan nahi nuen, kurduak ezagutu nahi nituelako. Turkiako Kurdistanera joan nahi nuen. Kurduei buruzko liburu bat irakurri nuen eta ezagutu nahi nituen. Urteberria ospatu nuen beraiekin eta oso ondo joan zen. Pisukide bat izan nuen, iraniarra. Iran-Irak gerra garaian Suediara egin zuen ihes eta Malagan amaitu zuen. Berak esan zidan Iranera joateko. Ez nuen inoiz pentsatu hara joatea, burutik pasa ere ez zitzaidan egin. Iran gatazkarekin lotzen dugu; gatazkak daudenean bakarrik agertzen da hedabideetan. Bisa lortu nuen, hiru aste igaro nituen han eta txapela kentzekoa izan zen. Galdetzen didatenean ea zein izan den bidaia gogokoena, Iranera egindakoa esaten dut. Sorpresa handiena eman didana izan da. Mundu guztiari gomendatuko nioke Iranera joatea eta ikusi zer den. Ez kasurik egin komunikabideek diotenari! Palestinan egon naiz, Jordanian, Egipton Mubarak bota eta gutxira, Sirian saiatu nintzen sartzen, baina gatazkak hasiak zirela eta ez zidaten sartzen utzi... Eta Iranen oso ondo pasa nuen.

Okerren, berriz?

Somalia. Okurritu zitzaidan Somaliara sartzea, iparraldean dagoen Somalilandia izeneko zonaldera. Independentea izan nahi duen zonaldea da, hala bozkatu zuen, baina nazioarteko komunitateak ez du onartzen. Eta horrela daramatzate 20 urte. Hor gaizki pasa nuen. Garai hartan rastak nituen eta jendeak uste zuen demonioaren haragitzea nintzela. Kalean kristorenak esan zizkidaten, beraien herritik alde egiteko oihukatu zidaten, ea zer egiten nuen han, etab. Espaloitik joan eta jendea beste espaloira pasatzen zen; autobus batean sartu eta, nahiz eta beteta zegoen, nire ondoko eserlekua hutsik geratzen zen. Lau egun egin nituen, eta egoera ikusita, alde egiteko erabakia hartu nuen. Etiopiara lurrez bueltatzeko jeep bat hartu behar nuen. Jeepek, han, eserlekuen hiru lerro dituzte eta bakoitzean lau pertsona esertzen dira. Ni bigarren lerroan eseri nintzen, leihoaren ondoan. Aurrekoa bete zen, atzekoa ere bai eta nire ondoan ez zen inor eseri. Gidaria hurreratu zitzaidan eta esan zidan nire aurka ez zuela ezer, baina hortik bizi zela, hura zela bere lanbidea, eta lau pertsonaren dirua ordaintzeko edo beste jeep bat hartu beharko nuela. Pentsatuta beste jeepean ere berdina gertatuko zela, lauena ordaindu nuen. Etiopiara joan nintzen eta hura beste gauza bat zen: Etiopia nahiko rastafaria da eta rastak izatea ia abantaila zen. Somalilandiara ez da inor joaten; Etiopia, berriz, turistikoagoa da, gehienbat Iparraldea.

Turismo hitza aipatu duzu. Hegaldiak merketu dira eta turistak munduko txoko guztietara heltzen dira. Nola ikusten duzu hori?

Bidaiatzeko era batzuk ez zaizkit gustatzen. Era askotako turismoa dago: niri neurea gustatzen zait, eta beste batzuei beraiena gustatuko zaie. Gustatzen ez zaidana da erakusteko egiten den turismo hori, argazkiak eta selfiak ateratzeaz bakarrik arduratzen dena, momentu horretan aurrean duzunaz fijatzea baino gehiago. Baina hori oso pertsonala da. Ona ere bada prezioak ere jaitsi izana. Lehen bidaiatzea luxua zen eta orain edozein tokitara joan zaitezke. Papua Ginea Berrirako hegazkin txartelak begiratzen aritu naiz. Lehen abentura zen hara joatea pentsatze hutsa ere. Orain 1.400 eurorekin joan zaitezke. Hori zergatik? Bada, informazio gehiago dugulako. Gaur egun Mongoliara joatea erabakitzen badut, Interneten sartu eta han duzu guztia. Asko erraztu da bidaiatzea, baina, gero, norberak erabakitzen du zer nolako turista izan nahi duen. Ez naiz inoiz resort batean izan, eta hoteletan behin edo behin. Lo, generalean, jendearen etxeetan egiten dut. Nik bi webgune erabiltzen ditut:  bat, lan egiteko, eguneko ordu batzuen ordainetan janaria eta lo egiteko lekua eskaintzen duna; beste webgune bati esker lo doan egiteko lekua aurkitzen dut. Gero, noski, hemen nagoenean, jendea hartzen dut etxean. Pixka bat eman behar duzu, beste pixka bat jasotzeko. Ez baduzu inoiz ezer ematen, helduko da unea zuri ez dizutela emango.

Bidaia hauek liburu batean jaso dituzu. Nola sortzen da liburuaren ideia?

Jordanian bidaiatzen nenbilela txinatar bat ezagutu nuen. Aterpetxeko jangelan ezagutu ginen, hitz egiten hasi eta bakoitzaren istorioak kontatzen hasi ginen. Nik, orduan, Afrika zeharkatu nuen Hego Afrikatik hasita eta Jordanian nengoen. Berak zioen leku horietan egon zela, baina halako gauza ez zituela bizi izan. “Gauzak gertatzeko, bidetik pixka bat irten behar da”, esan nion. Galdetu zidan ea ez al nuen liburu bat idazteko asmorik. Ez nuen, baina beti idatzi izan dut. Koaderno mordoa dut etxean, hala ateratzen zaidalako. Argazkiak ez, argazki askorik ez dut ateratzen. Berak esan zidan dena biltzeko, liburua idazteko, eta Txinan argitaratuko zutela. Ingelesez idazteko eta han mandarinera itzuliko zutela. Berak esan zidan argitaletxe batean lan egiten zuen jendea ezagutzen zuela. Nituen esperientziak bildu nituen eta 9-10 hilabetean idatzi nuen. Betiere harekin harremanetan egon nintzen, eta, halako batean, desagertu egin zen. Mezu mordoa bidali nion, haren telefonoa ere banuen eta dei egin nion, haren lagunei ere idatzi nien, eta pikutara! Hor pentsatu nuen liburua idatzita nuenez, zerbait egin behar nuela horrekin. Hasi nintzen Interneten ikertzen eta  lulu.com argitaletxe independentea aurkitu nuen. Horiek erreminta guztiak ematen dizkizute zure liburua autoeditatzeko. Liburua, The World for my Pillow, horien webgunean bakarrik dago salgai eta 15 euro balio du: 5 euro inprimatzeko, 5 euro beraientzat eta beste 5ak niretzat. Ez dut diruagatik egin; liburua idatzita zegoen eta irtenbide bat eman nahi izan diot.

Nola antolatu duzu liburua? Egondako herrialde bakoitzari buruzko kapituluak ditu? Edo gai bat hartuta hartan sakontzen duzu?

Ordena izan behar zuen liburuak. Lehenbizi, neure buruari galdera bat egin nion: zer dut kontatzeko? Horren arabera, zerrenda bat egin nuen, eta gero herrialdeen eta kronologiaren arabera ordenatu nituen. Kapitulu bakoitzean zerbait gertatzen da. Batzuetan da toki baten deskripzioa, gehienetan gertatu zaizkidan gauza deigarriak. Hala antolatu nuen liburua.

Liburua ingelesez dago. Ba al duzu itzultzeko asmorik?

Momentu honetan ez. Ez nuen espero hala ateratzea. Ingelesez idatzi nuen eta ingelesez dago. Agian, egunen batean...

Gaur egun Donostiako hotel batean egiten duzu lan, baina, uste dugunez, hurrengo bidaia pentsatzen hasia zara.

Bidaia beti dut deika. Irailaren bukaerara arte dut kontratua, urria lasai pasako dut hemen , eta, gero, agian, azaro aldera joango naiz.

Nola erabakitzen duzu nora joan? Mapa bat hartu eta hari begira aukeratzen duzu edo buruan ideia bat izaten duzu?

Errepikatu ez dut egiten. Txilera edo Argentinara joan izan naiz lanera edo lagunak bisitatzera. Australia eta Zeelanda Berria hor ditut buruan. Ozeaniara ez naiz joan eta Asia asko ere ezagutzeko daukat. Gehien ezagutzen dudana Ekialde Ertaina da, mundu musulmana. Hain desberdina da, erakarri egin ninduela, eta orain ere bai. Txina, Japonia eta Mongolia oso interesgarriak iruditzen zaizkit, Indonesia ere bai, Brunei... Vietnam ez zait asko interesatzen, baina joango nintzateke.

Nora ez zinateke joango?

Oraintxe bertan Ipar Koreara. Aldamenean norbait izatea kontrolatzen nora noan edo norekin hitz egin behar dudan, hori ez dut nahi. Egon naizela esateko bakarrik, horretarako ez dut joan nahi. Noski, egunen batean atea zabalduko balute, sartu eta ikusteko askatasuna izango banu, orduan joango nintzateke.

Ametsik ba al duzu?

Argentinara joan nintzenean lursail txiki bat erosi nuen. Kanpin bat muntatu nuen han. Hura zen nire bizitzako ametsa. Diru bat nuen eta hemen ezin nuenez diru harekin ezer egin, hara joan nintzen eta kanpin txiki hura muntatu nuen. Han ez zegoen ezer ere, akazia lehor batzuk izan ezik. Arotz bat kontratatu nuen eta bion artean egurrezko etxetxo bat egin genuen. Uda batean zabaldu nuen eta uda amaitu zenean, egun batean, jaiki nintzen, lursailaren beheko aldera joan nintzen, begiratu nuen eta esan nuen, “Listo! Honetara etorri naiz, egin dut eta orain zer?”. Kanpinaren erdia saldu nuen eta beste erdia oraindik nirea da. Hiru urteren ondoren aurten joan naiz bisitan. Bestela, ametsa hala jarraitzea da, osasuna izatea eta lana izatea bizitzeko eta bidaiatzeko gai izateko. Onena da bidaia batera joan eta itzultzen naizenean honek beti bezala jarraitzen duela. Noski, bakoitzak bere gorabeherak ditu, baina lagunak hemen daude, herria hemen dago. Etortzen naizenean, badirudi ez naizela joan. Gustura egoten naiz hemen, baina une batean abenturak deitu egiten nau.