Udan tabernetan lanean aritu diren ikasleak, urriko Baleike aldizkarian

Baleike 2017ko urr. 10a, 09:58

Uda sasoian, hainbat gazte, ikasleak gehienak, lanean aritu dira herriko tabernetan. Koadernoak, liburuak eta hondartzako orduak alde batera utzi, eta ardoak, garagardoak, rabak eta konbinatuak ateratzen aritu dira. Askorentzat beraien lehen lanpostua izan da. 

Denboraldi baterako tabernari lanetan aritu diren bost gazte elkartu ditugu eta haien hitzak jaso urriko Baleike aldizkarirako. 

Hondartza denboraldiarekin batera amaitu da aparkalekuak erregulatzeko TAO sistema. Baina, zer iritzia dute herritarrek sistema honen inguruan? Inkesta bat egin dugu zenbait herritarren iritziak jasotzeko. 

Katalunia hizpide da egunero mundu osoko hedabideetan. Bartzelonan bizi den Eneko Dorronsoro zumaiarrari egun hauetan bizitakoaren kronika egitea eskatu diogu. Hitz hauek David Juliák Bartzelonan ateratako argazki ederrez jantzi ditugu. 

Donejakue Bideko lagunen elkarteak kudeatu du aurten ere komentuko aterpetxea. Bigarren urtez hartu du elkarteak lan hau. Haren arduradunarekin hitz egin dugu erreportaje baterako.

Udako argazki lehiaketa ere antolatu dugu aurten. Ehundik gora argazki jaso ditugu eta hemen ikus ditzakezue sarituak izan diren biak, baina, baita, jaso ditugun beste irudi batzuk ere.

Hau guztia urriko Baleike aldizkarian. Bazkideok aste honetan bertan jasoko dituzue zuen postontzietan. Besteok ohiko saltokietan izango duzue euro baten truke.