Espainiako selekzio nagusiarekin jokatzeko deitu dute Kauldi Odriozola

Baleike 2017ko urr. 9a, 16:30
Kauldi Odriozolak Espainiako junior selekzioarekin jokatu zuen udan Zumaian. Argazkia: Gorka Zabaleta

Alemaniaren kontra lagunarteko bi partida jokatzeko deitu du Bidasoako jokalaria Espainiako hautatzaile Jordi Riberak. 

Joandako denboraldian Asobal Ligako debutari onena izendatu zuten Kauldi Odriozola, eta Espainiako gazte mailako selekzioetan ere garaipen handiak lortu ditu azken urteotan –munduko txapeldun aurten, Europakoa iaz–. Denboraldi berriari ere bide beretik ekin dio, eta orain Espainiako selekzio nagusiarekin jokatzeko aukera iritsi zaio.

Alemaniako Eskubaloi Federazioak 100 urte betetzen dituela eta, Espainiaren kontra lagunarteko bi partida antolatu dituzte, urriaren 28an Magdeburgen eta 29an Berlinen. Jordi Ribera hautatzaileak Kauldi Odriozola sartu du zerrendan, junior selekzioko Dani Duixebaevekin batera. Urriaren 22an joango dira Alemaniara.