Zementugintza hizpide izan da gaur goizean Narrondon

Baleike 2017ko urr. 7a, 16:22

Ondarearen Europako Jardunaldien baitan, zementugintza izan da gaur hizpide Narrondo auzoan. Zumaiako Industria-ondarearen Informazio Zentroko (ZIIZ) kideek gidatuta, sektore honek Narrondon eta Zumaian izan duen garrantziaren azalpenak eman zaizkie bertaratu diren lagunei.

Bere txikitasunean, industria aldetik garrantzia handia izan du Narrondok Zumaiaren historian zehar. XVI. mendean bi burdinola izan ziren auzoan, baita portua eta errenteria ere. Baina, zementugintzagatik egin zen garrantzitsua Narrondon. Kalitatezko zementu hidrauliko naturala ekoizteko beharrezkoak ziren materialak zeuden inguruan: kareharria eta marga motako harria, eta baita zementua ekoizteko ikatz egokia ere. Ibañarrietako harrobietako kalitate handiko margek eta Aizarnako meategietan lortzen zen lignitoak Zumaiako zementuari berezko ezaugarria ematen zioten: itsasoko urarekiko eta igeltsua duen urarekiko erresistentzia.

Ekoizpenaren kalitateak eta eskari handiak mota honetako zementua Cemento de Zumaya izendatzea eraman zuen. Zementugintza Zumaiako ekonomiaren eragile nagusia bihurtu zen eta portuaren aktibitatea berpizteko ezinbestekoa gertatu zen.

Narrondon egon ziren bi zementu fabrika handien arrastoak aurki daitezke oraindik errepidearen bi aldeetan. Zumaiatik joanda ezkerraldean Esteban Aranguren y Cia.-ren San Jose enpresa zegoen. 1887. urtean sortu zen enpresa hau eta gaur egun tximiniaren beheko zatia eta eraikin nagusiaren zati bat mantentzen dira, baita labeen zatiak ere.

Auzoaren erditik pasatzen den errepidearen eskuin aldean 1893. urtean sortu zen Gurruchaga Lopez y Cia.-ren La Zumayana fabrikaren arrastoak daude. Baldintza hobeagoan dago fabrika hau eta haren parte izan ziren bi eraikinen hormak (kaltzinatzeko zazpi labe bertikalak eta ehotze eta paketatzen atala zutenak) eta 25 metroko tximinia ikus daitezke. Baita garaiko langileen etxean izan zirenak ere.

Esan bezala, enpresa hauek Zumaiako portuaren garapenean garrantzia izan zuten. Urola bailarako tren baten beharra ere aldarrikatu zuten. ZIIZeko kide Ismael Manterolak adierazi duenez, Narrondon ekoizten zen zementua Zumarragara eraman nahi zuten, handik Madril aldera eramateko.

Fabrika hauek ez zuten asko iraun eta biak urte berean itxi zituzten, 1907an. “Zementugintzan krisialdia izan zen. Garai horretan Porlana sartu zen eta zementu naturala egiten zuten enpresak krisian sartu ziren eta biak ere itxi egin zituzten”.

Bi fabriken arrastoak geratzen dira zutik Narrondon. Biak ere XIX. mendean Euskal Herrian eraiki ziren fabriketatik tente geratzen diren bakarretakoak. ZIIZ taldea La Zumayana fabrika babesteko eta Kalifikatutako Kultur Ondare izendatzeko lanetan ari da.