Abizenak euskaraz jartzeko kanpaina abiatu da

baleike 2017ko urr. 4a, 16:51

Zumaiako Udalak martxan jarri duen kanpaina honen helburua da grafia euskarara aldatu nahi duten lagunei horretarako erraztasun eta aukera eskaintzea. Kanpaina urrian zehar izango da, baina interesdunek urte osoan zehar egin ahal izango dute aldaketa.

Abizenak euskaraz jartzeko aukera indarrean dago aspalditik, eta Udalaren nahia da kanpaina honen bidez aukera hori ezagutzera eman eta bultzatzea. Euskararen Aholku Batzordearen ekimenez eta UEMArekin elkarlanean antolatu da ekimena, eta aldaketa egin nahi dutenek Bake Epaitegira joan beharko dute (Kantauri plaza 6) eta honako agiriak aurkeztu bertan:

  • Errolda-agiria: udaletxeko harreran ematen dute (Foruen enparantza 1).
  • NANaren fotokopia (adin txikikoa izanez gero, gurasoena ere bai)
  • Familia-liburuaren fotokopia (seme-alabarik izanez gero, haienak ere aldatzeko).      
  • Hitzez hitzeko jaiotza-ziurtagiria: Zumaian jaioa bazara, Bake Epaitegian bertan emango dizute.

Horrez gain, Bake Epaitegian emandako eskaera-orria bete eta sinatu beharko dute. Behin horiek guztiak eginda, epaitegian bertan egingo da aldaketa prozesu guztia eta doakoa izango da.

Informazio gehiago jaso edota gaiaren inguruko zalantzak argitzeko, ohiko galdera-erantzunak eskura izango dira www.zumaia.eus webgunean.  Argibide gehiago jasotzeko, interesdunek Bake Epaitegira deitu ahal izango dute zuzenean, goizez (943860067) edo euskaratxanpan@zumaia.eus helbidera idatzi.