Asteburu bikaina Zumaiakoren taldeentzat

Baleike 2017ko urr. 2a, 17:02
Argazkia: Carlos Callejo

Futbol asteburu ederra izan da azken hau Zumaiakoren taldeentzat. Sei garaipen eta berdinketa bat erdietsi dituzte gorritxoek jardunaldi honetan jokatutako zazpi partidatan.

Gizonezkoetan, gorengoen mailan, Zumaiakok bere taldeko lidergoan jarraitzen du etxetik kanpo Ordiziaren aurka 0-0 berdindu ondoren. Zumaiarrak 7 puntu dituzte sailkapenean. Jubenilek 3-2 irabazi zieten Ilintxari eta seigarren daude sailkapenean 6 punturekin. Kadeteetan, lehen mailan, Zumaiako Ak 2-0 irabazi zion Lengokoaki eta laugarren da bere multzoan 4 punturekin. B taldeak, berriz, 1-3 irabazi zion Trintxerperi eta bere taldeko lidergoan dago 9 punturekin. Ohorezko mailako infantilek ere garaipena erdietsi dute, Lengokoaken aurka, 2-3 emaitzarekin eta laugarren jarri dira sailkapenean.

Emakumezkoek ere emaitza bikainak lortu dituzte jardunaldi honetan. Lurralde mailako Zumaiakok 1-0 irabazi dio Goierri Gorriri eta sailkapeneko bigarren postuan dago, lidergoan dagoen Lagun Onakekin sei puntura berdinduta. Lehen mailako kadeteak ere liderrak dira bere multzoan, 6 punturekin, Aloña Mendiri 2-4 emaitzarekin irabazi ondoren.