baleike.eus

Gazteen emantzipazioa helburu duen 'Aloikaru beka' programa onartu du Udalak

baleike 2017-10-02 16:28   Gizartea

Alokairu partekatua sustatu eta gazteei emantzipatzeko aukera berriak eskaintzea da nahia. Ostegunean egindako osoko bilkuran, EAJren eta PSOEren aldeko botoekin eta EH Bilduren abstentzioarekin onartu zen proposamena.

Pasa den ostegunean egin zen osoko bilkuran, gazteen emantzipazioa helburu duen 'Alokairu beka' programa onartu zen. Bekaren helburua da gazteen emantzipazioa bultzatzea, eta alokairu partekatua sustatzea. Programa hori 18-35 urte bitarteko gazteei zuzenduta dago, eta inguruko herrietako programetatik bereizten dituen bi ezaugarri ditu. Alde batetik, alokairua partekatua bada, hobari handiagoa lortzeko aukera izango da, eta beste aldetik, ikasten ari diren pertsonek diru laguntza handiagoa eskuratu ahal izango dute. “Gaur egun gazte askok ezin dute haien irabaziekin bere kasa emantzipatu, horregatik, Udaletik, lagun taldean egiteko aukera eskaini nahi izan diegu”, esan zuten.

Laguntza eskaera indibiduala egin ahal izango dute gazteek, baina etxebizitza partekatuz gero, norberaren diru-sarreren araberako laguntzaz gain, %10eko hobaria jasoko da. Honi esker, 'Alokairu Bekak' norberari dagokion alokairu zatia ordaintzeko %75erainoko laguntza lortzeko aukera izango da, gehienezko diru-laguntza 150 eurokoa izanik.

Bestetik, formakuntza aldetik, pizgarriak lortzeko aukera gehiago izango da. Hala, urtean zehar 150 ordu baino gehiagoko ikasketak egiten duten gazteek hilero 10 euroko hobaria izango dute.

Iritzi kontrajarriak

Beka eskuratzeko hainbat baldintza bete beharko ditu eskatzaileak. Horien artean 18-35 urte izatea, eta gutxienez, 10 urtez Zumaian erroldatuta egotea. Programa abenduan jarriko da indarrean, baina 2017ko urte osoko alokairua ordaintzeko laguntza jasotzeko aukera izango da. Horretaz gain, bekaren diru laguntza jasotzeko, etxebizitzaren alokairuak ezingo du 600 eurotik gorakoa izan.

Hain zuzen, programaren baldintza batzuekin ez ziren konforme agertu EH Bilduko zinegotziak. Bekaren proposamena positibotzat jo zuten, baina ez aldiz, programaren ezaugarri batzuk. “Neurri onak dira batzuk, baina murriztaileak era berean”, aipatu zuten. Adibidez, beka eskuratzeko aukera duten pertsonen adin tartearekin ez ziren ados agertu. “Udal gobernuak 18-35 adin tartera mugatzen du, baina gure ustez zumaiar guztientzat zabaldu behar da aukera”, azaldu zuten. Zumaian 10 urtez erroldatuta egoteko baldintzarekin ere ez daude ados. EH Bilduren ustez, bi urtez egotearekin nahikoa da. Bestalde, etxebizitzaren alokairuaren prezioaren inguruan ere desadostasuna agertu zuten. “Diru laguntza jasotzeko gehienez 600 euroko alokairua izatea kopuru baxua dela iruditzen zaigu, izan ere, etxeen alokairuak 700-750 eurotan daudela ikusi ditugu gaur bertan”, adierazi zuten. Amaitzeko, programa gauzatzeko bideratutako diru kopuruan ere puntua jarri zuten. EH Bilduren proposamena zen laguntza horietarako 100 000 euro bideratzea, eta azkenean 30 000 euro onartu ziren.

PSOEko zinegotzia den Arritxu Marañonentzat positiboa da programa honen jaiotza. “Jende askorentzat onuragarria izango da. Lan ona egin du udal gobernuak, nahiz eta hobekuntzarako tartea behar duen. Nire ustez 10 urtez herrian erroldatuta egotea gehiegizko baldintza da, baina ikusiko dugu programaren eboluzioa eta hobetuko da”, adierazi zuen.

Erantzunak

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Zumaia 2017-10-02 18:27 Erantzuna | #1

ZERGATIK ONARTU DA ZUMAIAN ALOKAIRURAKO ZEUDEN BI LAGUNTZA PROPOSAMENETATIK MURRITZENA? BORONDATE KONTUA DA.

EH Bildu Zumaia k ez du EAJ ren proposamenaren aldeko botoa eman, mahaiaren gainean zeuden bi proposamenetatik (guk ekainetik publiko egidakoa eta EAJrena) azkenean murritzena onartu delako.
-EH Bilduren proposamena zen laguntza horietarako 100 000 euro bideratzea, eta azkenean 30 000 bideratzea onartu dute PSEE eta EAJk.
- EH Bilduk zumaiar guztiei zabaldutako proposamena jarri zuen mahai gainean, eta soilik 18-35 adin tartekoei mugatutakoa onartu dute gaur EAJ eta PSEEk.
-Zumaian gaur egun dauden prezioak kontrastatu ondoren, EH Bilduk laguntza jasotzeko alokairuaren muga 700 eurotan jartzea proposatzen zuen. Aldiz, EAJ eta PSEEk gehienez 600 euroarteko alokairuak laguntzea erabaki dute, horrek jende asko laguntzetatik kanpoan utziko duela jakin arren.
Mahai gainean bi proposamen izanda, zergatik egin laguntza gutxiago emango dituenaren alde? Borondate kontua da.

axiertxo 2017-10-05 23:28 Erantzuna | #2

Badirudi onartu dena gazteen emanzipaziorako alokairu beka dela, zuek planteatzen dezutena beste gai bat da argi eta garbi, beraz hori beste gai desberdin bat da

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa