“Mugarik bortitzenak edo zailenak dira maiz gure buruari jartzen dizkiogunak”

baleike 2017ko ira. 29a, 08:41

Ttitto Aguerre Uharte-Garaziko artistak Mugak izeneko erakusketa jarri du Alondegian urriaren 15a arte. Muga fisiko eta psikikoei buruz urteetan emandako ikerketaren adierazpena da, eta 30 obra baino gehiago erakutsiko ditu.

2002. urtean familiaren etxea zaharberritu zuenean hasi zen Ttitto Aguerre egurraren lanketarekin interesatzen. Behin lan hori amaituta eta handik pare bat urteetara, etxean zituen zura zati batzuk hartu eta garbitzen hasi zen. Hala, zerbait polita zela ohartu zen. “Aurkikuntza bat egin nuen, emozio bat sentitu nuen, eta nahi edo ez, sentimendu hori errepikatu nahi nuen”, kontatu du. Urte batzuetako etenaldia hartu zuen ondoren, eta bitarte horretan, bere ikerketan sakontzeko parada hartu zuen, batez ere marrazkiak eginez. “Hausnarketarako tartea hartu nuen, ideiak bildu eta sakondu nahi nuen. Batez ere, marrazkietan irudikatu nituen nire ideiak”, gaineratu du.

Horrela, 2014 eta 2015 urteetan hiru erakusketa ezberdin antolatu zituen Iparraldean, guztien artean jarraikortasun bat bilatuz. Proiektuari Mugak izena jarri zion, eta, hain zuzen, muga fisiko eta psikikoei buruz urteetan eramandako ikerketaren adierazpen grafikoa izan zen. “Sekuentziatan edo obra sailetan dago antolatua nire lana. Eta ohartu nintzen, lanean aurrera nindoan heinean, artelan guztiek logika berdin bati jarraitzen ziotela, eta logika hori muga zen”, aipatu du. Obra bakoitza hiru edo lau sekuentziatan banatzen ditu Aguerrek, eta marra eta borobilaz sinbolizatzen ditu. Hasiera batean distantzian daude bi elementuak, ondoren borobila gerturatzen hasten da marrarantz, hurrengo sekuentzian ia marraren barruan sartuta dago, eta azkenik, lerro edo mugaren barnean sartzen da.

Materiala ideiaren arabera

“Sekuentziek emozioak adierazten dituzte. Batzuetan emozio horiek distantzian mantentzen dira, eta beste batzuetan gero eta barruraino sartzen zaizkizu. Beraz, muga non dago? Muga dena da, espazio oso hori da, eta lan guztiek hau erantzuten dute: gero eta barnerago sartu emozioa, gero eta bihotzeraino iritsiko da”, azpimarratu du.

Artelanak osatzeko materiala ideiaren arabera aukeratzen du. “Material bakoitzak bere hizkera duelakoan, ideiak eta materialak lotzen joaten naiz, eta ideia bakoitza material batekin lotzen dut”, aitortu du. Horrela, materiala, ideia eta formaren arteko koherentzia aurkitzen saiatzen da. “Niretzat estetikoena edo egokiena dena”, gaineratu du.

Egurra da gehienbat erabiltzen duen materiala, eta horren barnean, haritza, ezkia, irokoa (Afrikako egur bat), platanoa... Bestalde, altzairua, aluminioa, kobrea, alabastroa edo papera ere erabiltzen ditu. Hegoaldean aurkezten duen bigarren aldia izango da, eta hurrengo urteetara begira Mugak erakusketaren jarraipena osatzen ari da. “Jendeak gogoeta egin dezan da nire desioa. Izan ere, nik egin ditudan hausnarketetan ondorioztatu dut mugarik gehienak gure baitan direla. Hau da, mugarik bortitzenak edo zailenak dira maiz gure buruari jartzen dizkiogunak, eta horiek oso barneratuak dira, gainera”, esan du.

Erakusketa osoan zehar, obra bakoitzaren ondoan izenburua, poema edo kantu baten letrak jartzen ditu Aguerrek. “Ulermen giltzak dira”, gaineratu du.