Astelehenean zabalduko da Ludotekan izena emateko epea

Baleike 2017ko ira. 27a, 09:47

Izen-ematea urriaren 9a arte izango da zabalik eta epe hori amaitzean, apuntatu direnen artean zozketa egingo da. Aurretik, gurasoekin bilera egingo da ludotekaren zerbitzua ezagutarazteko eta izen-ematearen prozesua azaltzeko. Bilera hori bihar egingo da 19:00etan euskaraz, eta 19:30ean gazteleraz.

Zumaiako Ludoteka prest da ikasturte berriari ekiteko, hori dela eta, hilaren 2tik 9ra bitartean zabalduko da izena emateko epea.

Ludoteka 6-12 urte bitarteko haurrentzako zerbitzua da. Ez da eskola, baina jostailu eta jolasaren bidez haurraren nortasuna garatzea helburu duen zerbitzua da, eta umeek zuzeneko arreta jasotzen duten lekua.

Bertan, eguneroko ekintza gidatuak, irteerak edota festak egiten dira haurrekin eta 10-12 urte bitartekoentzat programa berezi bat ere eskaintzen da, LudoKeta izenekoa, hilabetean bi ostiraletan 19:30-20:30 bitartean. Horrez gain familia irteerak, jostailu erakusketak eta ekintza gehiago ere antolatzen dira haurrak gurasoekin ere denbora hori partekatu dezaten. 

Izen-ematea

Esan bezala, izena emateko epea astelehenetik aurrera egongo da zabalik eta urriaren 9a iristean, zozketa egingo da. Ludotekak ondoko ordutegia izango du:

  • Astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 19:30era

Ikasturteko kuotak aldiz, hauek dira:

  • Ludoteka: 48€
  • Familia ugarien kasuan: 32,50€
  • Ludoketa (10-12 urte): 12€
  • DBE-GLL onuradunak:  ordainketa salbuetsita

Diru sarrera egiteko kontu zenbakia: KUTXA ES30 2095 5174 91 1061601620

OHARRA: Ludotekako kuota ordaintzen duten LH 4-6 (10-12 urte) bitarteko haurrek ez dute LudoKetakoa ordaindu behar.

Aurkeztu beharreko dokumentazioa

- Izena emateko orria beteta

- Ordainagiria

- Familia ugarien eta/edo DBE-GLL agiria beharrezkoa bada

- 2 argazki (berriak direnek)

Halaber, izen emateak irauten duen bitartean (hilaren 2tik 9ra), ateak irekita izango dituzte gurasoek Ludoteka bisitatu eta bertako azpiegitura zein instalazioak ezagutzeko, ohiko ordutegian, 17:00etatik 19:30era.

Informazio gehiago jasotzeko: Zumaiako Ludoteka - 943 14 32 64 / ludoteka@zumaia.eus

Guraso bilera

Dena den, ludotekaren berri eman eta izen-emate prozesua nolakoa izango den azaltzeko bilera egingo da gurasoekin bihar, ludotekan bertan.

Bi saio eskainiko dira, 19:00etan lehena, euskaraz, eta 19:30ean, bigarrena, gazteleraz. Izena emateko orriak bileran bertan banatuko dira.