Maria eta Josen egin du Kristau Eskolak ikasturtearen irekiera ekitaldia

Baleike 2017ko ira. 26a, 18:13
Lore sorta bat jaso du Cristina Uriartek eskolako bi haurren eskutik. Argazkia: Gorka Zabaleta

Kristau Eskolak 2017-18 ikasturteari hasiera emateko ekitaldi ofiziala egin du gaur arratsaldean Zumaiako Maria eta Jose Ikastetxean. Bertan izan dira, besteak beste, Cristina Uriarte hezkuntza sailburua, Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzaina eta Oier Korta Zumaiako alkatea, euskal hezkuntza-sistemako eta sareko erakunde eta ikastetxeetako 250 bat arduradunekin batera.

Gaurko irekiera ekitaldian 2017-2021 Plan Estrategiko berria aurkeztu dute, Gure baloreak, gure balioa lelopean. Ikasturte berriko erronkak ere aipatu dituzte, besteak beste, hezkuntzako gainontzeko eragileekin lantzen ari diren Hezkuntza Itunean aurrerapausoak egitea, "bikaintasunera bideratutako hezkuntza sistema lortzeko".

EAEko kristau eskolaren barruan 131 ikastetxe, 8.000 hezitzaile eta 90.000 ikasle daude.

 

Sindikatuen elkarretaratzea hitzarmen berri baten eske

ELA,LAB, Steilas, UGT eta CCOO sindikatuek elkarretaratzea egin dute ikastetxearen parean, Cristina Uriarte hezkuntza sailburuari eta Kristau Eskolako zuzendaritzari lan baldintza duinak eta hitzarmen berria eskatzeko. Garbi utzi dute protestaren jomuga ez zela Maria eta Jose ikastetxea, sektoreko arduradunak baizik.