“Medioetako eta sare sozialetako iritzi askok gure egoera okertzen dute”

baleike 2017ko ira. 26a, 16:39
Argazkia: Berdintasuna Zumaia

Tarana Karim duela 15 urte etorri zen Euskal Herrira bere herrialdea den Azerbaijan atzean utzita. Gurutze Gorrian eta Caritasen egon ostean, SOS Arrazakerian egiten du lan giza eskubideen alde. Batez ere emakume musulmanek jasaten duten egoera aztertzea eta hobetzea lortu nahi du.

Islamofobia deseraikitzen izeneko hitzaldia eman zuen atzo arratsaldean Tarana Karim aktibistak Alondegiko Oxford aretoan. Hitzaldiaren helburua izan zen, batez ere, islama zer den ezagutaraztea. Izan ere azken aldian Europan gertaturiko atentatuen ondoren, eta batez ere Bartzelonakoaren ostean, hein handi batean islamofobia handitu egin baita. Hala, honen aurka borrokatzea da musulman kolektiboaren nahia, eta bereziki, emakume musulmanek jasaten dutena bistaratzea. “Islamofobia genero ikuspegitik lantzea da gure nahia izan ere, emakume musulmanek jasaten dute bereziki diskriminazioa, eta okerrago tratatuak daude”, aipatu du Karimek.

Ezjakintasuna da islamofobia errotzearen arrazoietako bat, baina Karimen ustez ez da bakarra. “Ezjakintasun hori ideologia eta medio askok aprobetxatu egiten dute areagotzeko. Manipulazio gisa erabiltzen dute, eta medioetan eta sare sozialetan agertzen diren iritzi askok gure egoera okertzen dute”, nabarmendu du. Izan ere, sare sozialen erabilpena giltzarria da gai honetan. “Jende askok inpunitatea bilatzeko erabiltzen dituzte sare sozialak, eta bertatik, musulmanen kolektiboak hainbat iritzi, presio eta ahozko biolentzia jasaten ditugu”, azpimarratu du. “Kalean ez ditugu horrelako hainbeste egoera sufritzen, baina egia da Bartzelonako atentatuaren ostean une gogorrak pasa zirela kalean ere”, jarraitu du.

Kontzeptuak definitzeko arazoan ere arreta jarri du Karimek. Askorentzat arabiarra izatea musulmana izatea baita, eta ez da beti horrela izaten. Honen inguruko informazio gehiago dagoela nabarmendu du, baina oraindik lana egiteke dagoela.

Parte hartzea beharrezkoa

“Musulman guztiak ez dira zaku berean sartu behar. Gizarte honek begiak ireki behar ditu, ezberdintasunak daudela onartu eta elkarbizitza egoki bat garatu. Hori da lortu nahi dudana”, adierazi du. Horretarako gizarteko ekintzetan parte hartzea ezinbestekotzat jotzen du Karimek. “Leku guztietan ikusarazi behar gara iritziak emanez eta parte hartuz. Hurbiltzeko jarrera izan behar dugu, bai alde batetik zein bestetik. Hau da, ez bakarrik diskriminazioa jasotzen dituzten kolektiboetatik. Beraz guztion partaidetza da beharrezkoa”, azpimarratu du. Finean, gizartearen partaide den edozeinek hartu behar du parte ekimenetan eta parte hartzailea izan. Ildo horretatik, Karimen ustez gizarteak egoera berrira egokitu behar du. “Gizarte hau gero eta anitzagoa da hainbat aspektuetan: kulturalean, erlijiosoan eta baita hizkuntzetan ere. Horregatik aldaketak egin behar dira gizartearen funtzionamenduan”.

SOS Arrazakeria udaberrian hasi zen lantzen islamofobia genero ikuspegitik hainbat tailerren bidez, eta erantzunarekin gustura dira. “Gipuzkoako bost herritan burutu genituen tailerrak. Jatorri ezberdineko emakume musulmanekin egon ginen, eta batez ere, informatzeko eta islamofobia identifikatzeko eta salatzeko tresnak eman genizkien”, gogoratu du. Urrian gaiaren lanketarekin jarraituko dute baina kasu honetan unibertsitatean. Urriaren 6an eta 7an jardunaldiak izango dira EHUko Psikologia fakultatean. Batez ere erakundeetan nola bizitzen den islamofobia aztertuko dute.