“Kataluniako herriak erakutsi du hau ez dela alderdien kontua eta botoa eman nahi duela”

Jone Guenetxea/Tokikom 2017ko ira. 22a, 13:33

Francesc Fàbregas El Vallenc tokiko aldizkariko zuzendariari elkartasun mezua helarazio dio Tokikom-ek Valls herrian duten egoitza bisitatuz. Irailaren 9an Guardia Zibila astekariaren egoitzara sartu zen, eta dokumentazioa eta Fàbregasen ordenagailua eraman zituzten. Ordutik, giroa zeharo nahasi da Katalunian. Besteak beste, eguaztenean Generalitateko kargudunak atxilotu zituzten eta 40 miaketa egin zituzten.

Espero zenuten erreferendumerako 8 egun falta direnean testuinguru hau bizitzea?
Ez genuen horrelakorik espero. Gobernu zentralak marra gorri guztiak pasatu ditu. Kataluniako autogobernua suspenditu du. Jarrera neurrigabe honekin independentista gehiago sortzen ari dira. Katalunian hau guztia hasi zenean bozketa egin bazuten, ezetza irtengo zen, tarte handiarekin, gainera. Convergenciako hautesleria Espainian gustura sentitzen zen. Lortu dutena da independentistak %25 izatetik %50 baino gehiago izatera pasatzea.

Milaka herritar kalera irteten ari dira. Zein giro sumatzen duzu kalean?
Kataluniako herriak erakutsi du hau ez dela alderdien kontua. Botoa eman nahi dugula adierazteko irteten ari gara kalera. Ekitaldi baketsuak eta jai-girokoak izan arren, tentsioa nabari da. Jende nagusiari iraganeko sasoiak datozkio burura hemen gertatzen ari denarekin. Paperak galdu dituzte. Europa aldeko zuten, eta egunero ikusten ari gara babesa galtzen ari direla. Wikileaksekoa erreferendumaren alde jarzea eta twitterren Vallencen alde agertzea esanguratsua da. Munduan eraginik handiena duen pertsonetako batek 25.000 biztanleko herri bateko astekari bati elkartasuna adierazteak esan nahi du gobernuak gero eta jende gehiago duela aurka.

Erreferendumak badu atzera bueltarik? Gizartean zein sostengu duela uste duzu? 
Hauteskunde hauek herriarenak dira. Herriak bultzatu ditu. Gobernuak deialdia egin du, baina herriak sustatu du. Herriak gobernua erreferenduma egitera behartu du. Azaroaren 9an botoa eman genuen eta gutxietsi egin zuten. Hala ere, ilarak sortu ziren botoa emateko eta jendearen ilusioa ikusi zen. Orduan esan zuten gero eta independentista gutxiago daudela. Bada, bozketa batean ikus dezagun.  

Puigdemontekin zer gertatuko da? 
Harro egon beharko genuke bere hitza bete duen presidente bat izateagatik, jokoan duen guztiagarekin. Ez gaude ohituta horrelako politikariak ikustera. Eta berdin, hainbat herritako alkateekin. Puigdemonti herriak zilegitasuna eman dio. Zuk uste duzu hau inork gelditu dezakeela?

Zein da une honetan zure egoera judiziala irailaren 9an EL Vallenc aldizkariko erredakzioa erregistratu eta gero?
Epailearen aurrera deklaratzera joateko zain nago. Pentsatzen genuen erregistroa egin zuten egunean bertan izango zela, baina, momentuz, ez dugu ezer jaso. Dokumentazioa eta nire ordenagailua eraman zituzten, eta begira ibiliko dira. Ez dakigu oraindik zeren bila zebiltzan. Beraz, zain gaude.  

Vallencen gertatutakoarekin zein irakurketa egiten duzu?
Oso argi daukat. Eszena mediatiko bat egitea zen helburua, beldurraren politika egiteko. Hedabide batera sartzen dira zapatu goiz batez. Asteburuetako zerbitzu minimoak daude, eta inork ez du erresistentziarik jarriko. Nola da posible Madriletik polizia indarrak bidaltzea?  Hemen, atea jotzea nahikoa da barrura sartzeko. Hedabide guztietan gobernu zentrala gogorra dela agertzea interesatzen zaie, eta legea aplikatzen duela. Urriaren 1ean galdeketa egin ez dadin, bitarteko guztiak jartzen ari direla irudikatu nahi dute. Zarata handia atera nahi dute. Vallencen jendeak jai-giroko ekitaldi moduan hartu zuen. Momentu horretan nire herriaz harro sentitu nintzen. Prozesu honetan beti diogu jende bakezalea garela eta botoa ematea dela nahi duguna.