Garun paralisia lehen pertsonan kontatuta

baleike 2017ko ira. 20a, 14:44

Telmo Irureta aktore zumaiarrak garun paralisia du 2 urte zituenetik. Bizitza guztian bere ametsak eta ilusiok betetzearen alde borrokatu du, eta orain, Gipuzkoako Diputazioak Goteo plataformarekin batera martxan jarri duen #Metakultura kanpainari esker, bere bizitza kontatzen duen ikus-entzunezkoa errealitate bihurtzeko aukera du.

De agua y arena izenburua jarri dio Iruretak bere bizitzaz doan luzemetraiari. Kameraren aurrean biluztu egin da aktore eta zuzendaria. “Gauza intimoak kontatzea, sentimenduak eta pentsamenduak adieraztea... Askotan lotsa ematen duten kontuak dira baina niri kontatzea gustatzen zait”, aitortu du irribarretsu. Pelikula honen bidez publikoarengana iristea da bere nahia, ikus-entzuleak identifikatuak sentitzea. “Nirekin identifikatzeko ez duzu zertan ezgaitasun bat izan behar. Gizakiak gara, guztiok ditugu azkenean antzeko beldur eta arazoak”, adierazi du.

Diputazioak, Goteo plataformaren laguntzarekin, kultur proiektuak gauzatzeko diru laguntza bat jarri berri du martxan. Programa honetan 20 proiektu izan dira aukeratuak eta horietako bat da hain zuzen Iruretarena izan. Momentu honetan proiektu guztiak crowdfunding kanpaina batean daude murgilduta. “Irailaren 14an hasi ginen kanpainarekin eta lau egunetan gutxieneko diru kantitatera iritsi gara. Oso pozik gaude”, adierazi du. “Oraindik ere badago donazioa egiteko aukera, horretarako hauxe da helbidea: goteo.cc/aguayarena”, jarraitu du.

Bi ikuspuntu

Pelikularen gai nagusia garun paralisia duen pertsona baten bizitza da. Bi zati nagusitan banatzen da filma: lehenengoa, Iruretaren amak idatzi duen gutun batean oinarritzen da. “Gaixotu nintzen egunak kontatzen ditu era eder batean, eta testua irakurri ondoren horri jarraitzea pentsatu genuen”, kontatu du. Teresa Calo aktoreak hartzen du parte zati honetan. Iruretaren amaren gutuna bilatzen du eta antzerki bat egiteko gai egokia iruditzen zaio. Hala, gutuneko kontakizunak Caloren entsegu bat irudikatzen du.

Bigarrengo zatian egungo Telmo azaltzen da. “Nire egungo bizitza nolakoa den kontatzen dut. Kontraste bat dago amaren ikuspuntua azaltzen den zatiarekin eta nirearekin. Amaren testua goxoa da baina era berean tristea, eta gaur egungo Telmo alaia da, dibertigarria… Umore beltza eta ironia erabiltzen ditut”, nabarmendu du. Pelikularen tonua beraz, ez da ez tristea ezta alaia ere. “Bizitza bera da, edozein pertsonaren bizitza, eta badu tristetik eta alaitasunetik. Badakit publikoak negar eta barre egingo duela”.

Zuzendari lanetan Maitena Illarramendi, Cesare Maglioni eta hirurak daude. “Aspalditik hasi ginen proiektuarekin Maitena eta biok. Lehenengo irudiak 2013koak dira baina tarte honetan blokeatuta ere egon gara. Cesareren laguntza oso ongi etorri zaigu, eta pelikularen gidoia birmoldatzeko aukera izan dugu berarekin”.

Hain zuzen, duela bizpahiru urte Artadin grabatutako irudi batzuk ekarri ditu gogora Iruretak. Figurazio lanak egiteko deialdia egin zuen eta jende pila bat agertu zen, gehiegi. “Asko eskertzen diet animatu izana eta barkamena ere eskatu nahi diet, izan ere pila bati ezezkoa eman behar izan genien”, gogoratu du. “Gainera ez dakigu irudi horiek balioko diguten, izan ere, grabatutako irudien garbiketa dezente egin dugu”, jarraitu du.

Estreinaldia datorren urtean izango da baina oraindik ez dakite noiz eta non izango den. Grabaketa guztiak amaitu gabe dituzte eta urriaren 20an ekingo diote berriro ere. “Musika badugu eta alde horretatik ere pozik gaude. Hauts magikoak izena du abestiak, eta nik idatzitako letra da. Musika Mikel Sugunzak egin du Olatz Prat abeslariarekin batera, eta Diego Martínezen tronboi-hotsaz gozatzeko aukera ere izango da”.