Xabier Zulaika: “Oraindik ere estropadaren bat edo beste jokatuko dut”

Baleike 2017ko ira. 19a, 17:13

Urdaibairekin seigarren TKE liga irabazi berri du Xabier Zulaikak (Deba, 1969). Hurrengo denboraldian, ordea, beste zeregin batzuetan izango da Zumaiako traineruan. Hain zuzen ere entrenatzaile moduan. Hala ere arraunlari sena odolean darama, eta estropadaren batean edo bestean aterako dela abisatu du.

Arraun munduan aski ezaguna da Xabier Zulaika aurrekalaria. Ez ditu alferrik egin 30 urte tostartean. Erronka berri baten aurrean aurkitzen da debarra, eta eginkizun berrian hasi aurretik tarte bat hartu du iraganaz eta etorkizunaz hitz egiteko.

Zorionak. Urdaibairekin beste liga bat irabazi berri duzu.

Igandean oso gustura amaitu genuen. Liga lortzeaz gain, denboraldia beste bandera batekin amaitu genuen eta oso pozik  nago. Azkenean, urte hau nahiko gogorra izan da niretzat. Adinean gora noa, eta pixkanaka arrauna uzteko garaia heltzen ari dela sumatzen duzu. Ikusten nuen nire eginkizuna Urdaibain amaitzen ari zela, eta entrenatzaile izateko aukera hau etorri zait. Oso pozik nago eta ilusio handiarekin. Lan egiteko gogoz nator Zumaira.

48 urte dituzu. Adina mugarria izan da Urdaibai uzteko?

Adinak beti pisatzen du, nahi edo ez. Ikusten duzu poliki-poliki ez dutela zurekin hainbeste kontatzen, eta titular den edozein kirolariri gertatzen zaion moduan, kosta egiten da egoera onartzea. Ez dut esango denboraldi honetan sufritzen egon naizenik baina pixkanaka lekuz kanpo bezala sentitzen hasi nintzen. Azkenean Urdaibai uzteko erabakia ere hortik etorri da pixka bat.

Entrenatzaile izateko aukera hau nola sortu zaizu?

Zumaiarekin lehenengo harremana duela hiruzpalau urte izan nuen. Klubetik deitu eta entrenatzaile postua eskaini zidaten. Baina orduan ez nintzen nire burua entrenatzaile gisa ikusten, edo behintzat ez nuen buruan hori. Nire gorputzak oraindik arraunlari izateko eta estropada gehiago irabazteko gogoarekin zegoela esaten zidan. Ongi sentitzen nintzen eta Urdaibain jarraitzeko gogoz.

Aurten berriro egin zaizu eskaintza.

Hala da, eta orain bai, nire burua kapaz ikusten dut entrenatzaile gisa jarduteko. Gogotsu nator, eta gainera klubak jarri didan erronka gustatzen zait. Erronka hori harrobia lantzea da. Betidanik gustatu izan zait gazte jendearekin lan egitea, eta gainera gazte artean ongi moldatu naiz. Horretaz gain asko gustatzen zait jendeari irakastea eta horixe dut buruan: nire ibilbidean hartu ditudan esperientzia eta izan ditudan ilusio guztiak gazteei transmititzea. Hau da Zumaian lortu nahi dudana.

Palmares handiko arraunlaria zara. 5 Kontxako bandera eta 6 liga dituzu. Guztiak Urdaibairekin lortuak. Arraunlarientzako erreferente izango zara.

Talde txikietan hasitakoa naiz. 18 urterekin Zarautzen hasi nintzen, hori izan zen nire lehendabiziko taldea. Gero etorri nintzen Zumaiara eta egia da arraunlari moduan hemen osatu naizela. 90ean etorri eta lau bat urtez egon nintzen. Gero talde askotan gertatzen den moduan, jendea uzten joaten da. Hori dela eta, anaia eta biok Ondarroara joan ginen. Jende gaztearekin osatutako epe luzerako proiektu bat zuten eskuartean, eta han ere oso gustura ibili ginen. Ez genuen titulu handiegirik lortu baina pozik jardun ginen.

Hain berezia da Kontxako bandera irabaztea?

Bai. Arrauna asko gustatzen zait, baina hainbeste urtean jarraitzeko arrazoi bat Kontxa irabazteko grin hori izan da. Bermeora 32 urterekin joan nintzen, eta hasierako urteetan bi-hiru liga irabazi nituen baina Kontxako banderarik ez. Pentsatzen nuen, ez dut gainera inoiz aterako Kontxarik! Azkenean lehenengoa 41 urterekin irabazi nuen, 2010ean. Ondoren, hurrengo laurak jarrai xamar irabazi genituen. Kirola horrelakoa da. Jarraikortasunak eta urteetako lanak sariak ematen ditu.

Aurtengoak ez irabazteak pena emango zizun.

Itsaso handia zegoela ikusi genuenean bagenekien zer zegoen. Azkenean egoera horretan 10 segundoko aldea ez zen ezer ere ez. Bagenuen konfiantza guregan, baina bagenekien baita ere edozein deskuiduk banderarik gabe utziko gintuela. Akatsak egin genituen eta garesti ordaindu genuen, azkenean oriotarrei zoriontzea besterik ez zitzaigun gelditu. Gu penarekin gelditu ginen, noski.

Zumaian ezaguna zara. Garai ezberdinetan baina guztira 9 urtez ibili zara hemen. Nola gogoratzen duzu zure hasiera ?

19 urte nituen, mutil koxkor bat nintzen. Orduan, sei arraunlari zeuden beteranoak zirenak, Kontxa irabazitakoak eta abar. Haiengatik asko ikasi genuen, eta denboraldi politak egin genituen. Zazpi bat gazte izango ginen, eta ilusio askorekin ibiltzen ginela gogoratzen naiz, eta horrek aurrera jarraitzeko indarra eman zigun.

2006an izan zen Zumaia azkeneko aldiz Kontxan, eta zu bertan zinen. Nola gogoratzen duzu?

Oroitzapen asko ditut, emozio asko bizi izan genuen. Kontxan sartzea zerbait handia izan zen. Arraunlari batzuk fitxatuta etorri ginen, eta herriko gazteekin batuta osatu genuen trainerua denboraldi hartan. Talde hura sailkatzea ederra izan zen.

Epe luzerako proiektuen zalea zara. Helburu horrekin zatoz Zumaiara?

Proiektu batek ezin du urtebetekoa izan. Emaitzak urte batzuk pasa ondoren hasten dira etortzen. Klub baten oinarria harrobian dago, eta lehendabizi hori landu behar da. Behin hori lortuta talde sendo bat duzula eta jauzi bat eman nahi dela? Baina hori lortzeko plus bat behar dela? Hala bada, kanpotik ekartzeko aldekoa naiz.

Lehenengo esperientzia izango da entrenatzaile moduan. Zein ideiarekin zatoz?

Helburu orokorra mailari eustea izango da. Baina nire nahia arraunlariei ideia batzuk transmititzea izango da. Batez ere, proiektu hau epe luzerako izango dela argituko diet. Lana izango da gure oinarria eta bidea. Hori da hobetzeko bide bakarra, ez dago beste sekreturik.

Nola aurkitzen da taldea?

Oraindik ez naiz arraunlariekin elkartu baina lehenengo taldeko sei bat pertsonek utziko dutela aipatu didate. Lehenengo eginkizuna zeintzuk jarraituko duten jakitea eta beraiek ezagutzea izango da. Horrela, informazio bildu eta lehenengo pausoak ematen hasiko gara. Astelehenenean nago hitzartua zuzendaritzarekin eta ea arraunlariak ere ezagutzeko aukera dudan.

Zurekin batera norbait etorriko da? Arraunlaririk edo laguntzailerik?

Momentuz ez. Oraingoz bakarrik nator, lehendabizi hemen zer dagoen ikusi nahi dut. Gainera, aurrez Zumaian ibili diren arraunlariei deitzeko asmoa ere badut. Laguntzailerik ere ez dut ekarriko. Bertakoekin egin nahi dut lan, azkenean horiek dira hobekien ezagutzen dituztenak arraunlariak eta taldea.

Zenbat urtetarako etorri zara?

Ez dakit. Niri esan zidaten epe luzerako pertsona baten bila ari zirela, eta beraz ikusiko dugu.

Arraunlari izateari utziko diozu?

Ni entrenatzen hasiko naiz, baina arraunean egiten badut ez da aurrekalari bezala izango. Ni ez nator hona inori tokia kentzera, eta inoiz estropadaren batean arraunlari gisa ateratzen banaiz laguntzeko izango da. Azkenean trainerua nola doan bertan ikusten da hobekien, edo ni horretara ohitua nago. Aurten seguru estropadaren batean aterako naizela!

30 urte egin dituzu arraunean. Entrenatzaile asko izan dituzu ibilbide honetan. Zumaian Luxia eta Tito Mancilla esaterako, Urdaibain Salsamendi eta azken urte honetan Joseba Fernandez. Zer ikasi duzu hauetaz?

Asko ikasi dut guztietaz. Entrenatzaile bakoitzak bere metodologia erabiltzen du, eta bakoitzak lan egiteko modu bat dauka. Batzuekin gauz bat ikasten duzu, eta besteekin beste gauza bat. Baina guztiekin gauza bera ikasi dut, eta guztientzat oinarria berdina da: lana eta lana.

Horretaz gain, entrenatzailearen eginkizuna taldea osatzen duten arraunlariek lagunak izatea da. Koadrila bat osatu behar du, eta guztiak helburu berdinaren bila joan elkarrekin. Hori da gakoa.

Zuretzat erronka bat da, eta herritarren zeresanak edo beldurrik ematen dizu?

Badakit denetatik entzungo dudala, eta mundu guztia ez da egongo gustura nire lanarekin. Baina konfiantza osoa dut nigan, eta ahal dudan guztia ematen saiatuko naiz. Gauzak ongi eta aurrera ateratzen ahaleginduko naiz. Ez dut beldurrik eta laguntza behar badut, ez naiz lotsatuko eskatzen. Momentuan nire buruan ideia batzuk ditut eta horiek aurrera ateratzeko gai naizen ikusi nahi dut.