GUTUNA: Olarro Eguneko batel estropadaren antolatzaileei

Maider Saizabal 2017ko ira. 18a, 21:57

Hainbat urtez Olarru Eguneko estropadetan irten ondoren, egun honetako estropaden antolakuntzan hobetzeko asko dagoela iruditzen zaigu. Horretarako, gutun honen helburua hobetu beharreko alderdiak zein diren azpimarratzea da, datorren urteetako Olarru Egunak oraindik hobeagoak izan daitezen.

Entrenamenduetarako bi aste daude eta ontzi bakarra denontzat. Beraz, aukera benetan gutxi izaten ditugu entrenatu ahal izateko, gehienoi ondo datorkigun ordua berdintsua izaten baita. Aurten LASUNA ontzia egoera tamalgarrian aurkitu genuen aurreneko entrenamentua egitera joan ginenean. Barruko kaskoa urez beteta zegoen eta ontzia erabat ondoratuta ezin da arraunean fundamentuz ibili. Arriskutsua ere iruditzen zaigu jendeari ontzia egoera horretan ematea, batere inportik izan gabe. Arraunak ere topeak puskatuta, guk jardun behar izan genuen arraun elkarteari sokak eta zinta aislantea eskatu eta konpontzen. Ondoren, Kiroldegiko arduradunak horrela ikusi gintuenean txalupa ez zegoela ondo eta arraun elkarteko arranplan gora igota han lotuta uzteko eskatu zigun gainera, hurrengo egunean hustu zezaten. Pisu ederra zeukan ba horrela beteta han gora igotzeko! Ez zuen badaezpada norbait bidali edo bera etorri laguntzera! Benetan guk ibili behar al dugu horrela? Gauzak ez dira horrela egiten gure ustez, lotsagarri xamarra bada.

Zazpiretatik zortziretara entrenatu ondoren ere Turismo bulegoa itxita egoten denez arraunak etxera eraman behar izaten ditugu eta hurrengo egunean Turismo bulegoa irekitzerako berriz entregatzeko kezkarekin. Berriro ere, guk ibili behar al dugu horrela? Bi astez ezin al da arduradunen bat geratu Turismo bulegoan nahiz hau itxita egon arraunak entregatzeko?

Zumaia bezelako kostako herri batek ezin al ditu 4 batel eta itxurazko arraunak lortu bi astez erabili ahal izateko? Horrela entrenamentuetarako aukera gehiago daude eta Olarru Eguna pasa ondoren itzuliko dira. Batelak ere erabiltzaileei eman aurretik prestatu egin behar izaten dira, batez ere Lasuna bezala pare bat aldiz hondoratuta ibili direnean. Zumaian Arraun elkartea eta Bateleroen elkartea ditugu. Udalak ezin al die batelak eskatu? Kostatzen zaigu hau ezin dela egin pentsatzea. 

Udalak ere izango du ba festa hau babesteko asegururen bat batel horiei edozer gertatu ezkero edo norbaitek min hartu ezkero kargu egingo dena? Hala pentsatu nahi genuke.

Besterik gabe, kontutan hartuko duzuelakoan

Maider Saizabal