Olagarroa prestatzeko lau errezeta berri

Baleike 2017ko ira. 18a, 11:51

Olagarroa prestatzeko aukera berriak azaldu dituzte Asturiastik etorritako sukaldariek, Torreberriko aterpean egindako erakustaldian. Hemen lau errezetak, norbaitek saiatu nahi badu:

1.Olagarroa ostarren-parmentierrarekin

Osagaiak 6 lagunentzat:

2 lata ostarren-pate   
1 kg patata
100 g gurin
500 g olagarro
50 g oliba-olio

Nola egin:

Olagarroa egosi dagokion ur kantitatearekin. Hotzean gorde. Patatak zuritu eta osorik egosi olagarroarekin erabilitako uretan. Parmentierra egin; horretarako, puregailuan pasatu patata egosiak, gurina eta ostarren-pate latak.

Pastelgintzako mahukan sartu patata-purea eta zabaldu koilaratxoetan. Koilara txikien neurrian zatitu olagarroa, erre edo txigortu zartaginean eta purearen gainean jarri. Gatz-ezkata batzuk jarri gainean eta oliba-olio birjina estrarekin “bataiatu”.

2.Tostan olagarroa, artoa, Bizkaiko saltsa eta Idiazabal gazta

Osagaiak 6 lagunentzat:

6 olagarro-erro
1 arto-ogi   
100 g Bizkaiko saltsa
100 g Bizkaiko saltsa   
100 g Idiazabal gazta
50 g gurin
tipulina

Nola egin:

Errezeta honekin hasteko, olagarroa dagokion ur kantitatearekin egosi behar da eta GATZIK GABE. Horretarako, ura irakiten jarri behar da; orduan, 3 aldiz atera eta sartu behar da olagarroa, (azalik gal ez dezan), eta ondoren beste 20-25 minutuz egozten utzi, tamainaren arabera; onena izaten da tarteka probatzea, samurra dagoela egiaztatu arte.

Hozten utzi eta erroaren zatirik “ederrena” moztu.

Arto-ogia xerratu, gutxi gorabehera 1 zm zabalekoak, eta plantxan erre bakoitzari gurin pixka bat jarrita.

Tosta gainean jarri Bizkaiko saltsa, gero olagarroa eta estali Idiazabal gazta zati fin batekin.

Labean sartu 180 gradutan gazta urtzen den arte. Amaitzeko, xehe-xehe moztutako tipulina bota gainean.

Bizkaiko saltsa

2 baratxuri-ale   
2 tipula gorri
20 g ogi mami
5 piper txorizero
400 ml barazki salda
1 kopa ardo zuri
ura
3-4 koilaratxo oliba-olio
gatza

Nola egin:

Piper txorizeroak ur berotan jarri behar dira beratzen, gutxi gorabehera 20-30 minutuan. Bigunduta daudenean, mamia atera behar zaie eta gorde. Baratxuri-aleak zuritu, laminetan moztu eta gorritzen jarri kazola batean oliba pixka batekin. Tipula gorriak zuritu, juilana erara moztu eta gehitu. Gatza bota eta utzi goxo-goxo erdi egozten.

Ogi-mamia puskatan zatitu eta kazolara bota. Ardo zuria eta barazki-salda erantsi. Piper txorizeroen mamia xehe-xehe egin eta erantsi: su eztian utzi egiten 15 minutuz.

Puregailuan pasatu, ura kendu, gatz-puntua begiratu eta Bizkaiko saltsa zerbitzatu.

Aholkua: piper txorizeroen mamia potetan ere saltzen dute orain supermerkatu eta janari dendetan. Bestela, piper horien ordez erabili daitezke “nora” izenekoak ere.

3.Berdina-babak olagarroarekin eta onddoekin

Osagaiak 6 lagunentzat:

500 g berdina-baba
250 g onddo zuri
1 kg olagarro
1 tipula, 1 azenario, 1 porru
3 baratxuri-ale
1 tipula more
75 g oliba-olio
150 g olio
AUKERAN: jereza,  piperrautsa, maizena

Nola egin:

Babak urarekin jarri behar dira egosten, barazkiak osorik eta olio pixka batekin gutxi gorabehera bi orduan, baben kalitatearen arabera.

Onddoak olioarekin, baratxuriarekin eta tipula morearekin konfitatu behar dira; olagarroa gehitu, gorritzen utzi pixka bat eta olagarroa egosteko urarekin busti.

Babei ura ondo kendu eta aurreko frijitukiari gehituko dizkiogu. Irakiten jarri eta gatza botako diogu, behar baldin badu.

*Baben kalitatea, gustua eta kolorea aintzat hartuta, aukera daukagu maizena, piperrautsa eta jereza gehitzeko.

 4.Olagarro-koilara oldi-guakamolearekin

Osagaiak 6 lagunentzat:

1 olagarro
guakamolea
100 g codium (oldia)
3 koilarakada oliba-olio

Nola egin:

Olagarroa egosi dagokion ur kantitatearekin, aurrez 3 aldiz atera eta sartuta, azala gai ez dezaten. Gutxi gorabehera 45-50 minutu beharko ditu. Hozten utzi eta zatitu. Gorde.

Guakamolea egiteko osagaiak:

2 ahuakate
1 tomate
½ tipulina
½ limoia
jerez zurrusta
gatza
martorria (zilantroa)

Nola egin:

Ahuakateari azala eta hezurra kendu; horretarako, erditik moztu, eta bi zatiak bereizi; labana hezurrean sartu kolpe batekin eta atera; azala kentzeko, garbiena da koilaratxo batekin ateratzea mami guztia.

Ahuakateen mamia bol edo katilu handi batean jarriko dugu, eta sardexka batekin zapaldu, pasta moduko bat egin arte. Tomatea eta tipulin erdia zuritu, txiki-txiki moztu eta gehitu pastari.

Nahaste horri erantsi martorria (zilantroa), limoi-ura eta jereza; ondo bnahasi. Osagai berezi eta bitxi gisa, codium edo olddi berdea gehituko diogu, txiki-txiki moztuta, koilarakada batzuk.