Olharanek eta Inzak irabazi dute Zumaiako Master Series txapelketa

Baleike 2017ko ira. 16a, 09:54

Lopez eta Olha baino gehiago izan ziren atzo Aitzurin jokatutako finalean. Afizionatu mailako finalean, Donostiako Alberro anaiak nagusitu ziren Gorostola eta Segurola Zumaiako bikotearen aurka.

Garaipen bolada ikusgarriarekin iritsi zen Imanol Lopezek atzoko finalera. Uztailean galdu zuen Donibane Lohizunen eta orduz geroztik 20 garaipen lortu zituen erreskadan. 21.a Zumaian lortu nahi zuen, etxekoen aurrean, Olha bikoitebidearekin batera. Baina, finalaurrekoan bezala, atzo Olharanek eta Inzak erakutsi zuten sasoi betean daudela eta edonori aurre egiteko gai direla gaur egun. 

Finala, hala ere, ez zen gaizki hasi Olha eta Lopezentzat. Olharan errematearekin asmatu ezinik aritu zen lehen tantoetan eta horrek abantaila eman zien gorriei, aparteko distirarik atera gabe. Baina Olharanek buelta eman zion egoerari. Bere buruarekin behin eta berriz haserretu arren, gai izan zen bere jokoa zuzentzeko eta pilota nahi zuen lekura bidaltzen hasi zen. Eta horrela, 14nako berdinketara iritsi zen lehen seta. Tanto lehiatua eta bizia izan zen azken tantoa. Olhak ederki aprobetxatu zuen aukera eta Inzak ezin izan zuen pilota bildu. Lehen seta Olha eta Lopezentzat, beraz.

Baina jokoaren joera aldatuta zegoen ordurako. Inza bikain ari zen atzean eta Olharan erabat inspiratuta, partida hasierako okerrak atzean utzita. Bigarren setean jaun eta jabe izan ziren urdinak. Gorriek ohi baino akats gehiago egin zituzten eta 7-15 nagusitu ziren Olharan eta Inza. Desenpatean, 0-5 Olharan eta Inza nagusi. Partida eta txapelketa beraientzat.

Afizionatu mailako finalean Donostiako Alberro anaiak Zumaiako Gorostola eta Segurola baino gehiago izan ziren. 15-13 eta 15-7 irabazi zuten donostiarrek.