0-3 urte bitarteko haurrentzako espazio berria zabaldu du gaur Maria eta Jose ikastetxeak

Baleike 2017ko ira. 14a, 22:00

Maria eta Jose ikastetxean egokitu berri duten espazio berriaren inaugurazio ekitaldia egin da gaur arratsaldean. 0 eta 3 urte bitarteko haur eta familientzako gune berria doitu du ikastetxeak, pedagogia sistema berritzaileei tartea zabalduaz. Ikasturte berriaren hasierarekin batera erakutsi nahi izan du ikastetxeak espazio berri hau.

Inaugurazio ekitaldian izan dira, besteak beste, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura saileko Arantxa Tapia sailburua, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza eta Komunikazio Diputatu Imanol Lasa, Hezkuntza saileko Gipuzkoako ordezkari Gema Gonzalez Txabarri eta Zumaiako Udaleko ordezkaritza zabala, Oier Korta alkatea buru zela.

Espazioa aurkeztu aurretik, ikastetxeko zuzendari Isaak Aranberrik hitz batzuk luzatu dizkie bertaratutakoei. “Gaur gure ikastetxean ikusiko ditugun azpiegiturak, orain dela urte batzuk hasitako lanaren ondorio dira. Gaur egungo hezkuntza norantz bideratu behar genuen jakiteko, gogoeta sakon bat egin genuen orain dela urte batzuk Ikastetxean. Mundua ziztu bizian aldatzen ari den gizarte honetan, gure ikasleak era ezberdin batean hezi edo prestatu behar genituen galdetu genion geure buruari”.

“Orain arte, memorizazioan oinarritu den eskola izan baldin badugu, eta hori egingo duten makinak ditugularik, etorkizuneko eskolak, imajinazioa, asmamena, jakin-mina, sormena, soziabilitatea, lankidetza, ezagutzeko gogoa, gauzak egitearen gustua, norbanarenganako konfiantza, transzendentzia… landu behar ditu ikasleekin”, gaineratu du.

“Aipaturiko datuak esku artean izanik, eta zientzian oinarrituriko emaitzak izanik, nola ez bideratu gure ikasle zein gizartearentzat onurarako izango den eskola egiteko moduan? Apustua garbia zen, garen entitatea izanik, argi dugu gizartearen aurreran zer esan handia dugula, torlojuak egiten dituzten enpresek Ikerketa, berrikuntza eta garapena egiten badute, nola ez dugu guk egingo, etorkizuneko mundua lideratuko duten pertsonak hezten ari bagara?”, azpimarratu du Aranberrik.

Lehen fase honetan 0 eta 3 urte bitarteko hau eta familientzako gunea bideratu dutela adierazi du. “Gure ikastetxea, guraso, aitona-amona, izeko-osaba eta lehengusuentzat ere badelako. Etxearen jarraipen bat da. Denek dute lekua. Haur zein gazteen heziketa guztion lana delako”. Hasierako pausoa besterik ez dela ere nabarmendu du zuzendariak. “Konfiantzaren pedagogiak ezarritako markoak 0-18 urte bitarteko eskaintza guztia hartuko du eta horretarako, Ikerketa, Berrikuntza eta Garapenean jarraituko dugu profesional onenekin (psikiatra, arkitekto, ikastetxe, ikastola, Unibertsitate eta abarrekin) elkarlanean jarraituko dugu egiten duguna ebaluatuz eta hobetuz”.