Imanol Lopez: hogeigarrena jarraian?

Jai Alai News 2017ko ira. 14a, 13:54
Argazkia: Fronton Mexico

Imanol Lopez kantxan gozatzen ari den pelotaria da. Antzeman egiten zaio, igarri egiten da inoiz baino motibatuagoa dagoela eta, gainera, partida guztiak irabazteko gogo biziz dagoela. Dena nahi du irabazi, eta ia denak irabazten ditu.

Zeintzuk dira estatistikak? Euskal Herrira iritsi denetik, 24 partida jokatu ditu zumaiarrak. Hauetatik bi galdu ditu: lehenengoa, Hondarribian jokatutako lagun arteko bat; Jagoba Narbarte Errenteriako aurrelari gaztearekin ezin izan zien irabazi Laduche eta Gotzon Enbil bere herrikideari. Galdutako bigarren partidua, Donibane Lohitzuneko Campos Berrin izan zen. Uda honetako lehenengotako "sorpresa" izan zen, Aritz Erkiagarekin Master 1 txapelketa irabazteko faboritoa zelako, baina galdu egin zuten Beaskoetxea eta Lekerikaren kontra. Galdutako partidu biak, berdinketa hausteko setean galdu ditu Lopezek.

Eta irabazi? Beste guztia: Gernika, Hondarribia eta Donibane Lohitzuneko Grand Slamak; Hossegor eta Lekeitiko Master Seriesak; Donibane Lohitzuneko Master 3-a; Kalzada Open-a; Frontoi Motzeko Buruz-buruko txapelketa; eta ez dezagun ahaztu uda hasita zegoela Mexikon irabazi zuen Jai Alai World Tour-eko lehenengo txapelketa, Fernando Díez Barroso, alegia. Miarritzeko Urrezko Xistera ez du irabazi, baina jokatu ere ez du egin. Titulu hauek guztiak Egiguren, Zulaika, Olharan eta Beaskoetxearekin irabazi ditu. Aritz Erkiaga izan da berekin txapelketa bat jokatu eta titulurik eskuratu izan ez duen aurrelari bakarra.

Aurreko larunbatean erraz gailendu ziren Egiguren eta Lopez Kalzada Open-ean Beaskoetxea eta Aldazabalen kontra. Hemeretzigarren garaipena izan zen jarraian zumaiarrarentzat. Hemeretzi partida, segidan, galdu gabe. Eta bihar hogeigarrenaren bila doa. Etxean, Aitzurin, Zumaian jokatuko du Lopezek Master Series-eko finala, lagun eta herrikideen aurrean. Christophe Olha izango du lagun, eta Olharan eta Inzaren kontra jokatuko du. Beste behin, faboritoa da, eta sorpresa litzateke galtzea. Hala ere, onenek ere ezin dituzte partida guzti guztiak irabazi.

Baten batek esango du, aurrelari eskasagoak jarri behar zaizkiola. Lopezek Mexikon ez ditu hainbeste partidu jarraian irabazi, intendenteak "kargatu" egin duelako. Abantaila handiak ematen dituelako kantxan eta behin baino gehiagotan ikusi dugu nahiko aurrera joan eta bera erreboteatzen. Euskal Herrian berriz, txapelketa garrantzitsuak jokatzera dator, aurrelari guztiak dira maila onekoak, eta Lopez estutzeko, maila baxuko laguna jarri beharko litzaioke. Hori, Euskal Herriko txapelketetan ez da gertatzen. Aurrean ez dago hainbeste alde, eta atzean, ez dago inor Lopezi itzala egin diezaiokenik.

Sekula ikusi gabea ari gara ikusten. Galtzen ez duen pelotaria, kantxan beste guztien oso gainetik dagoena. Ez zaigu besterik geratzen, bere jokoaz gozatzea baino. Etorriko zaio garaia, hain erraz ibiliko ez dena. Orain, bera da kantxetako errege.