Olarro Egunerako prestatzen hasia da Zumaia

Baleike 2017ko ira. 13a, 20:32

Larunbat honetan Olarro Eguna izango da Zumaian. Olagarroa protagonista duen jaialdi honek emango dio amaiera herriko udarari eta, eguraldiak laguntzen badu, festa giroak hartuko ditu Zumaiako kale eta plazak. Gaur bertan bandera koloretsuak jarri dituzte Erribera kalean.

Brotxetan, zopan, paellan, patatekin, olagarroa dastatzeko aukera ugari izango dira larunbatean zehar Zumaian. Guztira, egositako 750 kilo olagarro izango dira brotxetetan prestatzeko, beste 100 kilo olagarro fresko herri bazkariko patatetarako eta paellarako eta, azkenik, 6,5 kilo olagarro lehor zoparako.

Askok gogoan izango duten bezala, pasa den urteko Olarro Egunean arazoak izan ziren brotxetetarako erabilitako olagarroarekin. Aurten, antolatzaileak, Zumaiako Turismo Saila buru dela, Osakidetzarekin harremanetan jarri dira iazkoa errepikatu ez dadin. “Osasun sailetik emandako gomendio denak jarraituko ditugu. Aurtengora arte, eta ostiralean sukaldaritza ikastaroa zegoelako, brotxetak bi egunetan egiten ziren, asteazkenean eta ostegunean. Aurten ikastaroa larunbat goizean egingo da eta brotxetak egun bakarrean prestatuko dira, ostiralean, Herri Eskolako frontoian, 16:00etatik aurrera. Hala, hotz-katea mantentzen saiatuko gara. Txosnetan egongo diren elkarte beraiek ere nahiago zuten egun bakarrean egitea, nahiz eta ordu gehiago sartu beharko ziren”, azaldu digu Esti Irureta turismo teknikariak. Elkarteko bakoitzetik 20 lagun eskatu dira erroak moztu eta brotxetak prestatzeko.

Brotxeta hauek herriko zenbait tokitan kokatuko diren txosnetan salduko dira. Txosna hauek Zumaiako zenbait elkarteek eramango dituzte. Iazkoa baino txosna bat gutxiago izango da aurten: Arranplan ez dute aurten jarriko. “Urteekin txosna kopurua handitu egin da eta ikusi dugu, eguraldi txarra egiten zuenean, Arranplakora jende gutxi joaten zela. Hori ikusita, kentzeko erabakia hartu dugu.

Gernika parkean bi txosna izango dira; Motxanekua zaldi taldeak eta Errefuxiatuen taldeak eramango dituzte. Goizez bakarrik egingo dute lan eta brotxetak salduko dituzte. Beheko plazan txosna bakarra izango da. Goizez Jakintza taldeak eramango du eta arratsaldez San Pedro Abesbatzak. Hauek ere brotxetak salduko dituzte. Beste lau txosnek goizez eta arratsaldez egingo dute lan: goizean zopa emango dute eta arratsaldean brotxetak. Zuloaga plazan Darahli egongo da, Erriberan Pilota Elkartea, Saregile plazan arraunlari beteranoak eta Amaiako plazan Lurdesko ospitalidadekoak.

Egitarautik kendu duten ekitaldi bat larunbat goizean egiten zen sukaldaritza lehiaketa da. “Parte-hartze eskasa zuen. Hasieran olagarro-patatekin hasi ginen, gero, olagarroa oinarri zuen gastronomia probatu genuen eta iaz patatetara itzuli ginen. Hala ere, parte hartze txikia mantentzen zen. Ikusita ostiral arratsaldean egiten zen sukaldaritza ikastaroak arrakasta zuela, lehiaketa kendu eta hura larunbatera pasatzea erabaki dugu”.