Oier Aizpurua: "Oriotarrek Kontxa irabazteko ilusioa ez, beharra zeukaten"

Baleike 2017ko ira. 11a, 20:41
Oier Aizpurua atzo irabazitako Kontxako Banderaren oroigarriarekin. Argazkia: Gorka Zabaleta

Piraguarekin bost aldiz munduko txapeldun izan eta gero, 2009an hasi zen Oier Aizpurua (Zumaia, 1977) arraunean, Orion. Atzo Kontxako Bandera irabazi zuen, estropada gogoangarrian. Kontxako egunak nola bizi izan dituen kontatu digu, Orioko ospakizunen oihartzuna artean buruan bizi-bizi.

 

Zuek benetan espero al zenuten Kontxa irabaztea?

Bai, ni konbentzituta nengoen.

Baina lehen igandearen ondoren, edo aurretik ere bai?

Aurrez ere nik sinesten nuen Kontxa irabazteko aukera garbiak genituela. Urte guztia egon gara horretarako prestatzen. Jendeak ez du sinetsiko, baina hala da.

Urte osoa lanean Kontxari begira...

Salsamendi entrenatzaileak esan zigun hasiera gogorra izango zela, elkar ezagutu behar genuela, pieza bakoitza bere lekuan jarri... Bederatzi hilabeteko haurdunaldia izango zela eta gure proiektua irailean jaioko zela. Halaxe bota zuen. Dena Kontxari begira zeukan pentsatuta.

Adibidez?

Espainiako Txapelketan sekulako kolpea jaso genuen, baina aste hartako entrenamenduak astakeria izan ziren. Kontxara begirako lana zen. Atera genituen arraunak ez ziren normalak, sekulako esfortzua eskatzen zuten. Dena pentsatuta zeukan. Bere entrenamenduaren parte zen hura. Kontxa irabazteko inbertsioa. Bere arriskuekin, Kontxa irabaztea ez baita segurua. Baina hori izan da apustua.

Zer aldatu du Salsamendik zuen entrenamenduetan?

Aldatu ditu neurriak traineruan, arraunetan, eta bere gustuko arraunketa ere erakutsi digu. Keinu eta mugimendu asko barneratu ditugu, teknika ikaragarri landu dugu, ezina etortzen denean ere arraunean ondo egiteko, arraunketa ez galtzeko. Adibidez, Kontxako lehen igandean, azken bi minutuetan, ni jota nentorren, Akuariumetik barrura begirada ia galduta. Nire sentsazioa zen ikaragarri gaizki ari ginela arraunean eta ez genuela aurrera egiten. "Luze, luze!" hasi nintzen eskatzen, ikusten nuen ez ginela iristen eta palada oso motzak ari ginela ematen... Gero, bideoa ikusi nuenean, harrituta gelditu nintzen, oso luze amaitu genuen arraunean, oso ondo. Neguan ikasitakoa egin zuen gorputzak.

Entrenatzeko modu berezia omen du. Zuek nola hartu zenuten hasieran?

Neguan bere entrenamenduak bitxiak izan dira askotan, baina gero ulertzen duzu zergatik. Adibidez, esaten zigun joateko entrenatzera gosaldu gabe, eta egun horretan sekulako entrenamendu gogorra jartzen zigun: uretan ordu eta erdi eta gero korrika Kukuarri aldera, beste 50 minutu; edo entrenatu ondoren hiru orduz ezer jan gabe egoteko agintzen zigun... Hasieran ez genuen ulertzen zergatik, baina entrenamenduaren parte zen. Erregaia ez badiozu ematen gorputzak ikasi behar du erregaia bilatzen, eta erretzen du gantza eta soberan daukazun giharra ere mehetu egiten da. Iaz 78 kilo nintzen Kontxako garaian; aurten 75,5 [piraguan zebilenean 80]. Behin Oriotik Ondarroara joan ginen arraunean, eta beste behin Oriotik Pasaiara. Begiak estalita ere entrenatu dugu, errioan eta itsasoan. Gauza berezi asko egin ditugu neguan, baina denak zeukan bere zentzua.

Kontxako Lehen igandean ez omen zineten emaitzarekin oso konforme gelditu...

Itsasoa hain bare egonda, Urdaibai aurretik izango genuela bagenekien, baina atera ziguten aldea ez zen erreala. Bigarren txandan ziaboga eman zutenean haizea gelditu egin zen eta barrurantz kontrako haizerik gabe etorri ziren. Bizpahiru segundotik bederatzita joan zen aldea. Sekulako estropada egin genuen, baina arantza hori gelditu zitzaigun. Hala ere, ni animoso nengoen. Itsasoa altxaz gero, buelta emateko gai ginen. Pentsa, bixeran 32 zenbakia brodatu nuen joan den astean, Jose Luis Gozategirekin neukan zorra tarteko...

Zer zor?

2010ean, nire lehen Kontxan, bigarren jardunaldira irabazteko aukerekin iritsi ginen. Jose Luisek belarritakoa zeukan 31 zenbakiarekin –Oriok zeuzkan banderak–. Arrapalan hitz egiten egon ginen eta esan zidan gu estropadatik bueltatzerako belarritako berria izango zuela jarrita, 32 zenbakiarekin. Orduan ez zen posible izan. Agindu nion 32.a ikusiko zuela, baina ezin izan du [ekainean zendu zen Gozategi]. Haren omenez jarri nuen 32a bixeran.

Ostiraleko entrenamendua berezia izan omen zen oso. Zer gertatu zen?

Salsamendik beti bilatzen du berak nahi duen erreakzioa. Berak dio gauzak ez direla gertatzen berez, bilatu egin behar direla, probokatu nolabait. Baita entrenamendu on bat ere. Norberak egin behar du ahalegina hala gerta dadin. Mezu bat zabaldu zuen, herritarrengan bultzada berezi hori, inplikazioa probokatu nahi zuen. Ikaragarria izan zen. Aurrena neskak abiatu ziren uretara eta entzuten genuen burrunba, baina ezin genuen imajinatu zer zegoen. Gu traineruan bizkarrez, Gorka patroiaren aurpegia ikusi genuenean konturatu ginen moila aldean zerbait berezia ari zela gertatzen. "Hortik pasa behar al dugu?", esan zuen Gorkak, harrituta. Begiratu eta ezin genuen sinetsi bildu zen jendetza. Han ikusi genuen: oriotarrek Kontxa irabazteko ilusioa ez, beharra zeukaten, gosea.

Larunbata, estropada bezpera, nola pasa zenuten?

Goizean Donostiara joan ginen entrenatzera. Egia esan, pixka bat beldurtu ere egin ginen. Atzo baino okerrago zegoen. Itsasoa nahi genuen baina gehiegi ere... Gero, aurreko asteburuan bezala, denok elkarrekin egon ginen igandera arte. Lehen asteburua Errotan pasa genuen eta bigarrena Altxerrin. Elkarrekin bazkaldu, masajeak, trainerua prestatu, lo egin...

Trainerua nola prestatu zenuten atzo zegoen itsasoari aurre egiteko?

Eskura geneukan guztiarekin. Gerrara gindoazela zirudien. Klubean aurkitutako palkarik handiena jarri genion, karela ere brankatik poparaino babestuta, punpak ura ateratzeko, esponjak ura xurgatzeko, topeak tostatik tostara ura harrapatu eta atzera eta aurrera ez ibiltzeko... Eta arraunlari guztiak lotuta. Salsamendik ez zuen ezustekorik nahi.

Atzokoa estropada berezia izan zen, gogoratuko den horietakoa. Baldintza horietan arraunean egitea jakin egin behar da. Zein izan zen giltza?

Salsamendiren mezua garbia izan zen: kanporantz nekatu gabe, nekatu gabe. Horrelako olatuekin alferrik da indar gehiegi egitea, itsasoari ez diozu sekula irabaziko. Ahalegina neurtu egin behar da. Eta asmatu egin genuen. Oso ondo joan ginen, arraunean luze, estutu gabe. Ahalik eta ur gutxien hartzea funtsezkoa zen, eta oso ondo egin genuen. Tarteka Gorkak traineruaren norabidea egokitzen zuen olatuak gainera ez etortzeko. Ziabogzn Urdaibai parean genuela ikusi nuenean pentsatu nuen bueltan gure aukera izango genuela.

Eta aukera iritsi zenean ederki aprobetxatu zenuten.

Ontzia zuzen ekartzea zen kontua, eta olatu egokiak iristean aprobetxatzea. Estropada aurretik berotzen ari ginela, Akuariumaren parean olatu eder bat hartu genuen. Nik GPSa nereman, itsaso harekin jakin nahi nuelako lantzadetan zer abiadura hartzen genuen, kuriositatez. Olatu hartan 23tik gora neurtu zuen. Estropadan, leku berean hartu genuen olatua.

Nola bizi izan zenuten une erabakigarri hori traineru barruan?

Bueltako luzean ez ginen erotu, oso ondo gindoazen, orekatuta, zuzen... Akuarium parera iritsi eta atzealdean tontorra igerri genuenean, denok prest geunden. Aurrean geundenok agindua garbi geneukan: gorputza atzera bota traineruari laguntzeko, baina pasa gabe, branka gehiegi ez hondoratzeko. Neuk estriborrerantz kalkatzen nuen, trainerua orekatuta mantentzen laguntzeko. Gorputzaren pisua erabiltzen etorri ginen barrurantz, trainerua ahalik eta garbien joan dadin olatu gainean. Hori asko entrenatu dugu, Orioko barran, olatua okerren zegoen lekuan.

Noiz ikusi zenuen bandera zuena zela?

Lantzada luze hura hartu genuenean Gorkak "12" [segundo] esan zuen; segidan beste olatu bat hartu genuen eta barruraino iritsiko ginela zirudien, "15" eta segituan "20"... Olatuari eutsi genion, oso ondo gentozen, arraunketa galdu gabe. Azken 200 metroetan egina ikusi nuen.

Gero ospakizunak etorri dira. Zuk badakizu Munduko Txapelketa irabaztea zer den, baina hau ezberdina izan da, ezta?

Piraguismoa niretzat egiten nuen, neure burua ordezkatzen nuen; arraunean herri bat ordezkatzen duzu. Eta Orion zer esanik ez. Arrauna erlijio bat da. Pentsa, normalean alkateak botatzen ditu katxaperoak traineruaren garaipenen berri emateko... Ba, atzo Donostian zegoenez, inor ez herrian katxaperoak botatzeko eta apaizak, Unai Manterola zumaiarrak, jo zituen elizako kanpaiak herritarrei berri ona emateko. Harrigarria da nola bizi duten. Urte osoan igertzen duzu herriaren presioa. Gauzak gaizki badoaz, denak dira entrenatzaile, denek dute iritzia. Zama hori igertzen da. Baina irabazten denean, jainko sentiarazten zaituzte. Zure atzean herri osoa sentitzen duzu.

Duela hamar urte zure azken Munduko Txapelketa irabazi zenuen piraguarekin...

Duela hamar urte Hungarian irabazi nuen, bai; eta egun eta ordu berean irabazi zuen Oriok aurten arte zeukan Kontxako azken bandera. Kasualitateak zer diren.

Piragua 2008an utzi eta 2009an arraunean hasi zinen. Honaino iritsiko zinela pentsatu al zenuen?

Arraunean hasi nintzenean ez neukan helburu jakinik. Piragua utzi nuenean, Fernando Garcia Herrero medikuak aholkatu zidan kirola ez uzteko kolpera, ez zela ona. Espainiako selekzioan ezagutu nuen urte batzuk lehenago, eta Orioko medikua izan zen gero. Hark proposatu zidan Oriora joateko probatzera. Hala hasi nintzen, beste asmorik gabe. Bestela, triatloian probatzea ari nintzen pentsatzen... Bigarren taldean hasi nintzen lehen urte hartan, eta Kontxara ordezko bezala eraman ninduten. TKEko azken bi estropadak ere jokatu nituen.

Urte onak eta txarrak, denetarik ezagutu duzu.

2010ean lehen taldera igo ninduten, oso ondo ibili ginen, banderak irabazi ere bai. Kontxa ere eskura izan genuen baina gertatu zen gertatu zena. Eta arantza horrekin gelditu nintzen. Orduan konturatu nintzen Kontxa Orion zer den. 2011n, arraunlari askok taldea utzi zuten eta maila galdu genuen. Egoera hartan nik ezin zuen taldea utzi. Mailaz igo ginen, eta 2013an sekulako urtea egin genuen. Kontxako bandera segundo bategatik ez genuen irabazi. 2014an, Makazagak ez zuen nirekin kontatu, eta 2015an utzi egin nuen. 2016ean Aizperrok deitu zidan bueltatzeko. Urtea erdipurdi joan zen. Eta aurten Salsamendi. Estropada asko jokatu ditut, Kontxako  denak, eta gainera bandera irabazi dugu.

Segitzeko gogoa emango du horrek, ezta?

Ona eta txarra, dena neurtu behar da erabaki baino lehen. Baina Salsamendik garbi esan digu, aurten gurekin ez, gure emazteekin hitz egingo duela zuzenean; haiei galdetu behar diegula erantzuten omen diogu beti.