Emaitza gazi-gozoa Gernikako Calzada zesta punta jaialdian

Baleike 2017ko ira. 10a, 15:11

Emaitza gazi-gozoa eman zuen atzo Gernikako Katedralean jokatu zen Calzada Jaialdiak. Gozoa lehen partida ederra izan zelako eta Remen handiari ondo merezitako omenaldia egin zitzaiolako; gazia jaialdiko partida nagusian kontatzeko gutxi egon zelako. Jai Alai World Tourrerako azken faserako puntuagarriak izan ziren bi partidak. 

Lehen partidan Barandika eta Lekerika, Hormaetxea eta Gotzon Enbil zumaiarraren aurka neurtu ziren. Lehen setean, zazpinako berdinketa baten ondoren, gernikarrek aurrea hartu zuten eta 15-10 emaitzarekin irabazi zuten. Bigarren setean, Hormaetxea eta Enbil 0-9 emaitzarekin jarri ziren aurretik, Enbil handi batekin, baina, gernikarrak agintzen hasi ziren jokoan eta 14nako berdinketara heldu ziren. Azken tantoa, baina, Hormaetxea eta Enbilentzat izan zen. Partida erabakiko zuen set laburrean ere lehia izan zen eta gernikarrek 5-4 emaitzarekin irabazi zuten.

Bi partiden arteko atsedenaldian omenaldia eskaini zioten Juan Ramon Rementeria, Remen pilotari bermeotarrari. 1980eko eta 90eko hamarkadetan zesta puntako izen handienetakoa izan da Remen eta atzo ondo merezitako omenaldia egin zioten. 

Jaialdiko partida handia izan behar zuenak ez zituen aurreikuspenak bete. Egiguren eta imanol Lopez zumaiarra ziren faboritoak, baina Beaskoetxeak eta Aldazabalek gauzak larriago jarriko zizkietela espero zuten guztiak. Atzoko, baina, ez zen horretarako gaua izan eta donostiarrak eta zumaiarrak osatutako bikoteak bi setetan irabazi zuten: 15-7 eta 15-6.