Inza eta Olharan sailkatu dira finalerako, Egiguren eta Enbil kanporatuta

Baleike 2017ko ira. 9a, 09:17

Ezustekoa gertatu zen atzo gauean Zumaiako Master Series txapelketako bigarren finalaurrekoan: Olharanek eta Inzak 15-14 eta 15-14 irabazi zuten Egiguren eta Enbilen aurka. Finala datorren ostiralean izango da, Olha-Lopez eta Olharan-Inza bikoteen artean.

Gaur egun aurki daitekeen bikote sendoenetakoa osatzen dute Mikel Egigurenek eta Gotzon Enbilek. Askotan jokatu dute elkarrekin –garaipen handiak lortu ere bai–, eta oso zaila da haiek mendean hartzea. Baina tarteka gertatzen dira ezustekoak, eta atzo Olharan eta Inza partida borrokatzera etorri eta aukera aprobetxatu zuten. Egigurenek eta Enbilek ohi baino huts gehiago egin zituzten, partidari neurria hartu ezinik aritu ziren eta, bi setak oso estu amaitu arren, azkenean amore eman behar izan zuten.

Partida hasieran Olharan eta Inza aurreratu baziren ere, seinako berdinketarekin bazirudien partidak beste bide bat har zezakeela, Egigurenek eta Enbilek hasierako nerbioak astindu eta beraien jokoa ezartzeko gai izango zirela. Baina ez zen hala izan. Olharanek eta Inzak ausart jarraitu zuten, kikildu gabe, eta, 12nako berdinketaren ondoren, Olharanen hormabikoarekin eta Enbilen erremate ustelarekin 12-14 aurreratu ziren urdinak. Seta ez zen berehala amaituko, ordea. Gorriak ere iritsi ziren 14.era. Azken tanto ikusgarrian erabaki zen partidako lehen puntua. Erasora bi bikoteak, pilotakada ikusgarriak jaso eta erantzunez, azkenean Egigurenek kanpora bidali zuen pilota. Olharan eta Inzarentzat lehen seta.

Bigarrenean jokoa bide beretik joan zen. Egiguren eta Enbil ahalegindu ziren aurkariak estutzen, baina atzo Olharan eta Inza ez zeuden barkatzeko. 7-12koarekin, hondoa jotzeko zorian ziruditen gorriek. Baina ez berehala. Joko erasokorragoa eginez, berriro 14na berdintzeko gai izan ziren. Baina, lehen setean bezala, azken tantoa urdinentzat izan zen. Berriro 14-15, bigarren seta ere urdin, eta Jean Dominique Olharan eta Xabi Inza Zumaiako Master Serieseko finalera.

Bestalde, afizionatu mailako partidan, Donostiako Unai eta Asier Alberro sailkatu ziren finalerako, Gasteizko bikoteari 15-5, 10-15 eta 3-5 irabazita.

Pankarta Goikoren hutsunea dela eta

Iñaki Osa Goikoetxea txapelketan ez egoteak hautsak harrotu ditu herritarren artean. Atzo zenbait zalek pankarta bat jarri zuten harmailetan. Horrela zioen: "Jai Alive eta Udalari: Goikori jolasten ez uztea...lotsagarria!".