Informazio kartelak jarri dituzte herriko zenbait eraikin esanguratsuetan

Baleike 2017ko ira. 7a, 14:49

Herriko eraikin esanguratsu baten alboan egon eta ia denok entzun behar izan ditugu antzerako galderak: “Eta etxe hau zer da?”. Foronda dela, Olazabal jauregia, Ubillos, etab. Hemendik aurrera gutxiagotan erantzun beharrean izango gara, Udalak, Euskal Kostaldeko Geoparkearekin batera, herriko zortzi eraikinen atarian informazio panel txikiak jarri dituelako. 

Oraingoz zortzi eraikinetan jarri ditu kartel hauek: Alondegia, San Telmo ermita, Olazabal jauregia/Sanjuaniturria, udaletxea, komentua, Ubillos jauregia, San Pedro parrokia eta Zumaia etxea. Etorkizun batean herriko beste eraikin gehiagotan antzerako kartelak jartzea ez du Udalak alde batera uzten.

“Aspalditik genuen halako kartelak jartzeko asmoa. Ikusten genuen eraikin hauen inguruan informaziorik ez zegoela. ZIIZ-eko panel handien ondoren, eraikinetan egiteko asmoa genuen, baina, atzeratu egin da”, azaldu digu Miriam Romatet udaleko kultur teknikariak. “Orion ere antzerako kartelak daude eta azkenean pausoa eman dugu”, gaineratu digute Jon Iraola kultur eta turismo zinegotziak eta Esti Irureta turismo teknikariak.

Lehen pausoa kartel hauek non jarriko ziren adostea izan zela aipatu digute. “Gero, zer testu jarri behar ziren erabaki behar izan da, testu horiek itzuli, eta kartelak jartzeko baimena eskatu. Kontutan hartu behar da eraikin bi, Zumaia etxea eta Olazabal jauregia, pribatuak direla eta, gainera, ondarearen parte direla”. Halakoetan Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Eusko Jaurlaritzari eskatu behar izan zaizkie baimenak. “Baldintza batzuk jarri dizkigute eta horrek atzeratu egin du guztia. Urte eta erdi igaro da gaia serio hartu genuenetik, baina baimen guztiak lortzea ez da erraza izan”. “Ikasturtearen hasierarekin jartzea ere ez dago gaizki, eskoletan gai hauek lantzen dituzte eta”.

Kartel hauetan eraikinaren inguruko informazioa ematen da –Olazabalekoan Sanjuaniturriari buruz ere bai–, lau hizkuntzatan: euskara, gaztelera, frantsesa eta ingelesa. “Toki hauen lau zertzelada ematen dira eta, ondare aldetik, garrantzitsuak zergatik diren azaltzen da”.

Kartel hauek jartzea plan zabalago baten barruan dagoela azpimarratu dute. “Udal Elkartea ari da ondarearen inguruan lanean. Itsas ondarearen inguruko ekintza batzuk egin dira herrian eta urriaren 7an Narrondon dagoen La Zumaiana zementu fabrikara bisita gidatua egingo da”.

Seinaleztapen proiektua

Eraikin jakin batzuen inguruko galderak egin badizkigute, zer esanik ez leku jakin batera joatearen inguruan badira. San Telmo ermita eta Sanjuaniturria direla, harraldea edo hondartza, ia denok erantzun behar izan ditugu antzerako galderak. Kanpotarrei gauzak errazteko, seinaleztapen berriak jarriko dituzte herriko hainbat gunetan. “Plaka handi batzuk jarriko dira bidegurutzetan, Gernika parketik hasi eta Alde Zaharrera bitartean, Amaiako plazan, etab. Informazioa emateaz gain, orientatzeko laguntza eskaintzen da horrela”.