Inoiz baino jokalari gehiago izango du aurten Zumaiako Futbol Taldeak

Baleike 2017ko ira. 7a, 09:40

Jokalari federatuak eta futbol eskola batuta, 425 bat jokalari izango ditu Zumaiakok. Zenbait jokalari bueltatu egin dira klubera eta pozik daude Preferenterako osatutako taldearekin.

Azken urteotan gorabehera dezente izan ditu Zumaiako Futbol Taldeak maila goreneko gizonen taldea osatzeko. Gazte mailako jokalariekin osatu behar izan dute taldea, eta horrek ez dio mesederik egin. Baina aurten egoera aldatu egin da erabat. "Zorionez, futbola utzita edo kanpoan beste talde batzutan zeuden zenbait jokalari bueltatu egin dira", azaldu du klubeko kirol zuzendari Felix Nolaskoainek.

Mikel Larburuk jarraituko du Preferente mailako taldea zuzentzen, iazko esperientzia onaren ondoren. Duela bi denboraldi taldea maila galtzeko zorian izan zen eta, iaz, Larbururen eskutik, denboraldi polita osatu zuten. Aurten itxaropen handiak dauzkate. "Larburu ilusio handiarekin dago, talde polita osatu baita. Taldeari esperientzia falta zaio, hori bai. Pare bat jokalari beteranok –Solozabal eta Martin– utzi egin dute eta, bakarren bat kenduta, lehen edo bigarren urteko seniorrak dira denak. Ikusi behar da nola egokitzen diren mailara, baina bestela kalitate handiko jokalariak dira". Helburua non jartzen duten galdetuta, Nolaskoainek ez du ezer baztertzen: "Helburua da ahalik eta postu onena lortzea, mugarik jarri gabe".

Preferenten bezala, mutilen gazte mailako taldean ere jokalari asko dauzkate aurten. "Kanpoan ibilitako batzuk bueltatu dira eta orain 27 jokalari dauzkagu eta 25 fitxa bakarrik egin daitezke", dio Nolaskoainek. Bereziki pozik daude jokalarien etorrerarekin, aspalditik kontrakoa izan baita joera. "Guk pentsatzen dugu kanpoan bidea egiteko aukera daukan jokalariari atea ireki behar zaiola. Baina beti ez da horrela izan klub honetan, eta ateratzen zen jokalaria ez zen gehiago bueltatzen. Hori sufritu dugu orain arte, baina badirudi ari garela buelta ematen. Kanpoan probatu ondoren, ez badute bidea egiten, Zumaiakora arazorik bueltatzea nahi dugu guk".

Inoiz baino jokalari gehiago

Zumaiakok aurten iaz baino talde bat gehiago izango du. "Hamar talde dauzkagu aurten. Mutilen adarrean, kadete mailako beste talde bat sortu dugu, asko zirelako eta umeak kanpoan ez lagatzearren. Beraz, mutilenak zazpi izango dira eta neskenak hiru, azken hauek iaz bezala". Horrek esan nahi du 250 bat futbolari dauzkatela talde federatuetan. Horiei gehitzen bazaizkie futbol eskolakoak, 400dik gora doa kopurua. "Futbol eskolan ume mordoak eman du izena, 175 bat izango dira. Talde guztiak zuzentzeko entrenatzaileak lortzeko izan ditugu lanak, baina azkenean osatu gara eta oso gustura gaude daukagunarekin".

Emakumeen talde nagusiari dagokionez, Erregional mailan jokatuko du, iaz bezala. "Joakin Gorostola arduratzen da emakumeen taldeez. Talde nagusian bi atezainen baja izan dugu, bat Añorgara joan da eta bestea Zarautzera. Baina filosofia hori da. Añorga badator gure jokalari baten bila, nola ukatuko diogu aukera?".

Preferente mailako taldeak irailaren 17an ekingo dio denboraldiari, gazte eta kadete mailako mutilekin batera. Emakumeek irailaren 24an izango dute lehen partida, eta gainontzeko taldeek urrian hasiko dira lehiatzen.