Garaipenarekin egin du debuta Lopezek Aitzurin

Baleike 2017ko ira. 2a, 10:01
Imanol Lopez atzo Aitzurin jokatutako partidan. Argazkia: Gorka Zabaleta

Bi setetan (15-14 eta 15-10) irabazi dute Olhak eta Lopezek Zumaiako Jaia Alai World Tourreko lehen kanporaketa Zulaika eta Etxetoren aurka. Aurrez, Zumaiako bi bikotek jokatu zuten afizionatuen txapelketako kanporaketa. Gorostolak eta Segurolak irabazi zuten.

Zumaiako Jai Alai World Tourreko lehen finalaurrekoa jokatu zen atzo Aitzuri pilotalekuan. Afizionatuen txapelketako partidan Zumaiako bi bikotek neurtu zituzten indarrak. Uranga eta Manterola alde batetik, eta Gorostola eta Segurola bestetik. Partida orekatua izan zen arren, Manterola eta Uranga seguruago aritu ziren azken txanpara arte. Lehen seta 15-13 irabazi eta bigarrenean ere 14-11 aurreratu ziren. Baina Gorostolak eta Segurolak ez zuten amore eman eta bigarren setari buelta emateko gauza izan ziren. Segurolak ondo eutsi zion atzean, eta Gorostolak sekulako erakustaldia eman zuen, kantxan aurrera eta atzera, pilota guztietara iritsiz eta tantoak bikain amaituz. 14-15ekoarekin, desenpatea bost tantora. Olatu ona hartuta zebilen Gorostola eta ederki aprobetxatu zuen, partidari amaiera bikaina emanez dejada eder batekin. 2-5 urdinentzat. Gorostola eta Segurola sailkatu dira, beraz.

Lopezen debuta Aitzurin

Aitzuri pilotaleku berrian partida ofizialik jokatu gabe zegoen Imanol Lopez, eta bazuen estreinatzeko gogoa. Olha bikotekidearekin, Zulaika eta Etxeto izan zituzten atzo aurkari. Partida orekatua hasi zen. Lopez eta Etxeto atzeko koadroetan indarrak neurtzen, eta aurrealdean Olha eta Zulaika bizi eta tantoa jokatzeko prest. Aurrelarien norgehiagoka horretan hautsi zen partida, lehen setak aurrera egin ahala. Zulaika ausart aritu zen, baina komeni baino erremate gehiago huts egin zituen. Olhak berriz, gutxiago barkatu zuen eta hor egon zen aldea. Hala ere, Olha eta Lopez 14-10 aurretik jarri ondoren, 14na berdintzeko gai izan ziren Zulaika eta Etxeto. Zulaikak kontrakantxara ozta-ozta bidalitako hormabikoak erabaki zuen seta Olha eta Lopezen alde. Bigarren setean errazago dominatu zuten partida Lopezek eta Olhak (15-10), eta beraientzat txapelketako lehen finalaurrekoa.

Bigarren finalaurrekoa datorren ostiralean jokatuko da, Egiguren-Enbil eta Olharan-Inza bikoteen artean. Finala irailaren 15ean izango da.

Erlazionatuak