Goikoetxeak eta Lopezek ez zuten aurkaririk izan Grand Slam Internationauxeko finalean

Baleike 2017ko ira. 1a, 09:54

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek erraz lortu zuten garaipena atzo Donibane Lohizunen jokatutako Grand Slam Internationaux txapelketako finalean. Grand Slameko bigarren aurrelari eta atzelari onenak bezala pasa ziren finalera, baina, azken partida honetan, bikote bezala, beraiek bezalakorik ez dagoela erakutsi zuten.

Atzoko partidan garbi utzi zuten hori. Aurrelari batentzat Lopez atzean izatea bermea da, eta zer esanik ez atzelari batentzat aurrean Goikoetxea badu. Biek elkarrekin sekulako bikotea osatzen dute. Finala galtzeko arriskurik ez zuten inoiz izan. Lehen setean Olha eta Minvielle aurkariek bosgarren tantura arte eutsi zieten txapeldunei (15-7 emaitzarekin amaitu zen), eta bigarrenean ezin izan zuten ezer egin zumaiarren aurka. 11-2 galtzen joan ziren eta azkenean sei tantu lortzera heldu ziren (15-6).

Goikoetxeak denboraldiko garaipen handiena lortu du bikoteka, eta ozen esan du hor dela bera. Lopezek, berriz, beste txapelketa bat lortu du udako denboraldi ezin hobe honetan.

Goikoetxeak eta Lopezek gutxitan jokatu dute elkarrekin, baina hala izan denean, ia dena irabazi dute: Orlandoko Citrusa 2011 eta 2012an, Munduko txapelketa Hossegorren 2011n, 2014ko Grand Slam Internationaux eta, orain, 2017koa.  

Bideoan duzue partida osoa, txapeldunen hitzekin.