Esprinteko Euskadiko txapelketa jokatuko da bihar Zumaiako triatloian

Baleike 2017ko ira. 1a, 09:52

Bihar arratsaldean jokatuko da Zumaiako Triatloia, 15:30ean proba herrikoia eta 16:45ean esprint distantziakoa. Dortsalak agortuta, 600 kirolari izango dira lehian.

Zeruari eta eguraldi iragarpenari begira daramatzate azken egunak Zumaiako Triatloi Taldeko kideek. Dena dute prest bihar arratsaldean Zumaian kirol ikuskizun ederra izan dadin; eguraldiak pixka bat laguntzea, besterik ez dute eskatzen. “Dortsalak duela aste batzuk agortu ziren; 200 kirolari izango ditugu proba herrikoian eta beste 400 esprint distantziako triatloian”, azaldu du Zumaiako Triatloi Taldeko kide Iñaki Zubimendik.

Duela sei urte ekin zion aro berriari Zumaiako Triatloiak eten baten ondoren, eta orduz geroztik proba herrikoiaren eta esprint distantziako konbinazioak emaitza oso onak eman ditu. “Proba herrikoiarena apustu bat izan zen bere garaian, ez zen batere ohikoa. Urtetik urtera ikusi dugu asmatu egin zela eta jendeak triatloia probatzeko eta zaletzeko oso aukera ona dela”.

Esprint distantziako probarekin ere oso pozik daude, ibilbidearen ezaugarriengatik oso erakargarria delako. “Jende askok egiten du bere lehen triatloi serioa Zumaian, ibilbideak ez duelako aparteko zailtasunik. Igeri errioan egiten da, bizikletako ibilbideak ez du aldapa handirik, eta korrikako zatia ere laua da”. Ohartu dira, gainera, Zumaiako triatloian besteetan baino handiagoa dela emakumeen parte hartzea. Aurten 80 emakumek eman dute izena esprinteko proban.

Erraza izateak ez du esan nahi, inondik ere, maila apaleko proba denik. Azkar egiteko aukera ematen du ibilbideak eta horrek gehiegi behartzera eraman dezake bat baino gehiago. Euskal triatloien zirkuituan bere lekua eta izena egina dauka probak, eta aurten esprint distantziako Euskadiko Txapelketa bertan jokatuko da. Bihar Zumaian izango diren tritatloilarien artean badira nabarmentzeko moduko izenak: Jon Unanue, Ander Okamika, Urko Herran, Peru Alfaro, Irati Samaniego, Usoa Ostolaza, Irene Loizate eta Helene Alberdi, besteak beste.

Aurrena proba herrikoia jokatuko da, 15:30ean emakumeak eta 15:35ean gizonak. Aurten, mareak direla eta, igeriketako saioa itsas kiroldegiko arrapalatik hasiko dute, Moilaberriko zubiaren ondoraino. 350 metro egingo dituzte igeri. Gero, bizikletaz 10 kilometro Oikiara joan eta etorri, eta segidan korrika 2,5 kilometro moilatik parolaldera eta Gernikako parkean amaitu. Esprinteko proba –750 metro, 20km eta 5 km– Arbustaingo Arranplan hasiko da, beti bezala. 16:45ean emakumeak abiatuko dira eta 17:00etan gizonak.

Omenaldiak

Proba herrikoiaren hasi baino lehen omenaldia egingo zaio hil berri den Xirula-ko Jose Manuel Azkue zumaiarrari; eta esprint distantziakoaren aurretik, udan mendian hildako Aretxabaletako Mikel Crespo kirolaria izango dute gogoan, zenbait urtez Zumaiako triatloian parte hartu izan duen kirolaria.