Iñigo Peña: "Emaitzak indarra ematen digu ziklo olinpikoan aurrera joateko"

Baleike 2017ko abu. 26a, 17:33

Nahiz eta Iñigo Peña eta Francisco Cubelosen helburua domina lortzea edo, behintzat, domina horren borrokan sartzea bazen ere, azkenean seigarren postuarekin konformatu behar izan dute Txekiar Errepublikako Racice hirian jokatutako Munduko txapelketan. Hala ere, alde positiboa ere aurkitu diote eta datozen joko olinpikoetarako zikloan buru belarri murgiltzeko arrazoiak aurkitu dituzte. 

Hala adierazi du Peña berak, proba amaituta, Bat Basque Team taldeak egindako elkarrizketa batean. Estropada oso gogorra izan dela adierazi du. "Alemaniarrek hasieratik erritmo oso indartsua jarri dute. Gu beraien atzeti joan gara eta azkenean ezin izan dugu domina hori lortu". 

Denboraldiko balorazioa ere egin du. "Izugarria izan da eta olinpiaden ondorengoko urteak asko kostatzen dira. Garrantzitsua izan da ontzi polit bat osatzea Francisco Cubelosekin". Izan ere, elkarrekin batera ontzia osatu duten lehen urte honetan, K2 1.000 metroan, Munduko kopako bi proba irabazi dituzte eta brontzezko domina ere bai Europako txapelketan. Hitzordu horretan bertan, K4an, urrea ere lortu dute Peñak eta Cubelosek. 

2020an Tokion egingo diren joko olinpikoak ere jomugan jarri ditu Peñak. "Olinpiada aurreko Munduko txapelketa izango balitz, joko olinpikoetan sartzeko aukera emango zigun. [Emaitzak] Indarra ematen digu ziklo olinpikoan aurrera joateko".

Erlazionatuak