Goikoetxeak eta Lopezek Grand Slam Internationauxeko finala jokatuko dute

Baleike 2017ko abu. 25a, 11:34

Iñaki Osa Goikoetxeak eta Imanol Lopezek Donibane Lohitzuneko Grand Slam Internationaux txapelketako finala jokatuko dute. Finala abuztuaren 31n jokatuko da Campos Berri frontoian. Lopezek ez du atsedenerako tarterik izango, gaur bertan, Hondarribiko Grand Slameko finala jokatuko du eta.

Atzo jokatu zen lehen finalaurrekoa Donibane Lohitzunen. Mastersetan bigarren geratu ziren Goikoetxea eta Lopez, hirugarren sailkatu ziren Erkiaga eta Etchetorekin neurtu ziren. Zumaiarrek ez zuten hutsik egin eta bi setetan irabazi zuten finalerdia (15-10, 15-9).

Finala abuztuaren 31n jokatuko dute bigarren finalaurreko irabazlearen aurka. Mastersetan lehenak izan ziren Beaskoetxea eta Lekerika, Olha-Minvielle laugarrenen aurka neurtuko dira. Finalaurreko hau datorren asteartean jokatuko da. 

Bideoan duzue partida bere osotasunean.

Hondarribiko Grand Slam

Atsedenerako denborarik gabe, Lopezek gaur Hondarribiko Grand Slameko finala jokatuko du gaur, Jai Alai World Tourrerako puntuagarria den txapelketa. Jostaldi frontoian jokatuko da partida, 20:00etatik aurrera, eta Lopezek Egigurenekin jokatuko du. Aurkariak Erkiaga eta Irastorza izango dituzte. 

Bigarren partidan ere zumaiar bat izango da: Gotzon Enbil. Jagobarekin, Zulaika eta Izagirreren aurka arituko da.

Imanol Lopez denboraldiko bigarren Grand Slama eskuratzen saiatuko da, Gernikakoa irabazi ondoren. Larunbatean, Bilbon, frontoi motzeko banakako txapelketaren finalerdiko azken tantuak jokatuko ditu. Gogoratu erreboteko kristala puskatu zela Lopez, lehen seta irabazita, bigarrenean 2-4 irabazten ari zela. Eskuzko partidaren ondoren jokatuko dira tantu horiek. Finala igandean 18:00etan jokatuko da: Erkiaga, Lopez/Olharan partidako irabazlearekin neurtuko da.