Bidasoak penaltietan irabazi du Pulpo Eskubaloiaren udako saria

Baleike 2017ko abu. 25a, 09:53

Eskubaloi partida polita ikusteko aukera izan zen atzo Lubaki kiroldegian, Pulpo Eskubaloia klubak antolatutako udako sarian. Asobal ligako bi talde, Irungo Bidasoa eta Benidorm neurtu ziren lagunarteko partidan. Azken unera arte egon behar izan zen zain jakiteko nork eramango zuen saria etxera. 

Aukera ezin hobea izan zen atzokoa Pulporen harrobian hasi, hazi eta hezi, eta orain Asobal ligako bi talde hauetan jokatzen duten bi zumaiarrak, Kauldi Odriozola Bidasoan eta Ander Torriko Benidormen, berriro etxean jokatzen ikusteko. Ondorioz, eta espero bezala, Lubakiko harmailak bete egin ziren bertaratu ziren zaletuekin.

Partidaren hasieran omenaldia eskaini zitzaien Aljerian jokatutako junior mailako munduko txapelketan Espainiako selekzioarekin munduko txapeldun izatea lortu zuten Bidasoako bi jokalariri, Kauldiri eta Xoan Ledo atezainari. Kadete mailako Espainiako selekzioko atezain Ainhoa Larrañagak aurreskua dantzatu zien. 

Lagunartekoa izanda ere, partida berdindua izan zen. Bidasoa taldea joan zen markagailuan aurretik eta atsedenaldira 12-11 emaitzarekin heldu ziren. Bigarren zatian ere bedintasun horrek jarraitu zuen eta partidaren amaierara 27nako berdinketarekin heldu ziren. Penaltiek erabakiko zuten zer taldek eramango zuen garaikurra etxera. Atzo Bidasoaren debuta egin zuen Xoan Ledo atezainak azken jaurtiketa gelditu zuen eta Bidasoak irabazi zuen Pulpo Eskubaloiaren udako saria 32-31 emaitzarekin. 

Zumaian ohikoa den bezala, Pulpo elkarte gastronomikoan egindako afariarekin amaitu zuten lagunartekoa jokalariek eta klubetako ordezkariek. 

Afaria zerbitzatzen egon ziren Pulpo Eskubaloiko jokalariak.

Kamiseten zozketa

Partidan zehar zozketa ere egin zuen Pulpo Eskubaloiak. Ander Torrikoren eta Kauldi Odriozolaren kamiseta bana zozkatu zituen. Torrikoren kamisetak badu dagoeneko jabea, ez, ordea, Odriozolarenak. Zenbaki saritua 3308 gorria da eta ordezkoa 4764 zuria. Txartelen jabeek astebeteko epea dute klubeko ordezkariekin harremanetan jartzeko. 

Eskertza

Pulpo Eskubaloiak eskerrak eman nahi dizkie saria antolatzen lagundu dieten guztiei: klubeko jokalariei taberna eramateagatik eta afaria zerbitzatzeagatik, rifak saltzen eta boluntario lanetan aritu diren gurasoei eta jokalariei, Arritxu Iribar esatari lanetan aritu zelako eta Joseba Egañari txistua jotzeagatik, Benidorm eta Bidasoa klubei, "eta, batez ere, Antonio Benitez zarauztarrari boluntario lanetan hiru egun egon delako atzoko afaria prestatzen".