Gorostola eta Mendizabalek irabazi dute Itzurungo pilota txapelketa

Baleike 2017ko abu. 24a, 22:02

Itzurungo XII. pilota txapelketako azken partidak jokatu dira gaur arratsaldean Larretxo auzoko frontoi txikian. Eguraldua lagun, jende kopuru handia hurreratu da partidak ikustera, asko eta asko pilotari beraien kuadrillakideak. Hemen duzue Jexux Iribar Olaldek idatzitako kronika. 

Jokin Gorostola eta Gaizka Mendizabal, aurtengo txapeldunak, 3-1 galtzen hasi dira, baina hiruna eta launa berdindu ondoren, 4-8, 5-11, 6-14, 7-17 eta 10-18 jarri dira aurretik markagailuan gero eta zulo handiagoa eginez. Amaieran, 10-22 irabazi diete Joseba Martija eta Ander Odriozolari.

Gerriko gorridun Joseba Martijak, egin beharraren beharrez, baina gozatu ezinik, eta eroso sentitu gabe aurrekoadroetan, pilota erraz samar galtzen hasi da. Aurkari gerriko urdindunak erregularrago eta bere lanak txukun eginaz, diferentzia nabariak sortzen joan dira joko eta markagailuan norgehiagoka hasi eta laster.

Lekuz aldatu eta Ander Odriozolaren joko erasokorrarekin partidak bizitasunean irabazi du pixka bat baina, arriskatzen duenak galdu ere bai gehienetan, eta azkenean emozio askorik gabeko finala uste baino errazago irabazi dute gerriko urdindunek, txapelketa guzian erakutsitako sendotasun eta gabezi askorik gabeko jokoari esker, Jokin Gorostolak pilotari bizi eman eta jokoa nahastuz, eta Gaizka Mendizabal, berriz, pilota zailak ekarri eta buena asko eginaz. Zorionak!

Lehenengo partidan, 3. eta 4. postuak erabakitzen zituenak, 22 eta 5, alde handiz nagusitu dira Unai Antia eta Aitzol Oliden, Imanol Oiartzabal eta Ibon Eizagirreri jokuz ere askoz gehiago izanik.

Hauexek beraz emaitzak:

OLIDEN-ANTIA 22 / 5 OIARTZABAL-EIZAGIRRE
GOROSTOLA-MENDIZABAL 22 / 10 ODRIOZOLA-MARTIJA

Eta besterik ez: pozgarria eta eskertzekoa XII. jardunaldi honetako pilotari gazteen partehartze nabaria, eta orokorrean guzien seriotasuna, bikote baten eskuko mina medio jokatu gabe gelditutako partidu bat kenduta, norgehiagoka denak izendatutako egunetan jokatzera iritsiaz, norberak ezin zuanean ordezkoa aurkituz.