Francesek eta Txabarrik ez dute Telmo Deunen jarraituko

Baleike 2017ko abu. 24a, 07:53
Patxi Frances, entrenamendu bat zuzentzen. Argazkia: Gorka Zabaleta

Patxi Frances entrenatzaileak eta Rafa Gonzalez Txabarri prestatzaileak ez dute Telmo Deun zuzenduko datorren denboraldian. Lau urteko zikloari amaiera emateko unea dela adostu dute klubak eta bi entrenatzaileek.

2013an iritsi ziren Zumaiara Patxi Frances eta Rafa Gonzalez Txabarri, zortzi urtez maila gorenean eta gero KAE1 Ligara jaitsitako taldera. Bien artean proiektua berrindartu eta berriro mailaz igotzea zuten helburu, eta bai lortu ere. Lehen urtean lau bandera irabazi zituen Zumaiak eta igotzeko kanporaketa jokatu zuen. Lehen saiakeran ez zuten igotzea lortu baina bai bigarrenean, berriro beste lau bandera irabazi eta gero. Hirugarren denboraldia San Miguel Ligan egin zuen Zumaiak; maila galdu zuten baina oso maila duina erakutsiz. Aurten laugarren izan dira KAE1 Ligan.

Telmo Deunen ardura hartuko duen hurrengo entrenatzailearen bila gaur bertan hasiko da kluba.