Ontziei Santiagoko hondartzara sarrera mugatzeko eskatu dute zenbait bainuzalek

Baleike 2017ko abu. 23a, 10:42

Arauak dio hondartzatik 200 metroko segurtasun distantzia gorde behar dutela ontziek, baina Santiagoko hondartzan ez dago balizarik eta tarteka ontziak eta ur-motoak bainuko eremura sartzen dira. 

Santiagoko hondartzako zenbait bainuzalek kexa helarazi digute, bainurako eremua ez dagoelako mugatuta eta tarteka ontziak gehiegi hurbiltzen direlako ur-ertzera. Kontatu digutenez, ontziale asko oharkabean hurbiltzen dira gehiegi, balizarik ez dagoelako, baina badira batzuk bainuzaleen kexuen aurrean entzungor egiten dutenak. Hondartzako sorosleek atentzioa deitu behar izan diete noiz edo noiz, baina arazoari behin betiko irtenbidea jartzeko eskatzen dute.

Getariako Malkorben, alderik alde zabaltzen den buia segida batekin dago mugatuta ontzien sarrera. Halako neurri zorrotza hartu gabe ere –sokak erabat oztopatzen du pasoa–, uste dute uda partean bizpahiru buia hondora lotzea nahikoa izan daitekeela ontziek jakin dezaten non dagoen muga.

Istripua gertatzeko arriskuaz gain, ontziek uzten dute erregai usainaz ere kexatu dira. Hondartzak berez Espainiako Kosta Zuzendaritzaren ardura direnez, harremanetan jarri dira Zumaian gertatzen ari denaz ohartarazteko. Oraingoz, tarteka zaindaria bidaliko dutela erantzun diete, baina bainuzaleen iritziz neurri hori ez da eraginkorra izango, eta balizak eskatzen dituzte.

Santiagoko hondartzako azpiegiturak eraberritzeko proiektua martxan dagoenez, une egokia izan daiteke bainuzale hauen eskaera ere aintzat hartzeko.