Gorostola-Mendizabal eta Odriozola-Martija bikoteek jokatuko dute Itzurungo finala

Baleike 2017ko abu. 22a, 20:15

Itzurungo XII. pilota txapelketak baditu bere bi bikote finalistak. Gaur arratsaldean jokatutako finalerdietan nagusi izan dira Gorostola-Mendizabal eta Iribar-Martija bikoteak. Printzipioz, eguraldiak uzten badu, finala eta 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida ostegun honetan jokatuko dira. 

Haizea aldatu da arratsaldean zehar eta goizetik izandako bero astuna desagertu egin da. Eguraldi aldaketa aproposa izan da Itzurungo txapelketako finalaurrekoak jokatzeko. Jende kopuru polita inguratu da: txapelketa jarraitzen ari direnak, pilotarien kuadrillakideak eta, baita, Itzurundik etorritako turistak ere. 

Gorostola-Mendizabal eta Aizpurua-Eizagirre bikoteek jokatutako partidarekin hasi dira finalerdiak. Aizpuruak Oiartzabal ordezkatu du partida honetan. Lehen tantuetatik jarri dira aurretik Gorostola eta Mendizabal, hasiera batean, norgehiagoka honetako faboritoak, eta beti aurretik joan dira markagailuan. Azkenean, uste baino errazago irabazi dute partida, 22-9 emaitzarekin.

Emozio gehiago izan da bigarrengo partidan. Oliden eta Andia, Odriozolaren ordez jokatu duen Iribar eta Martijaren aurka neurtu dira. Esan daiteke, gainera, sorpresa ere izan dela, oikiarrak zirelako finalerako txartela lortzeko faboritoak. Hala izanda ere, partida osoan zehar ez dira inoiz aurretik izan markagailuan. 5-1 emaitzarekin aurreratu dira Martika eta Iribar, eta nahiz eta Oliden eta Antiak emaitza berdintzea lortu duten (5-5, 7-7), ez dute aurretik jartzea lortu. Partida erdialdera tantu bakarrera jartzea ere lortu dute behin baino gehiagotan, baina une horietan hobeto moldatu dira Martija eta Iribar. Azken zatian, aldea handitzea lortu dute eta 22-17 emaitzarekin irabazi dute. 

Finala eta 3. eta 4. postuak erabakitzeko partida, printzipioz, ostegun honetan jokatuko dira, 18:00etatik aurrera, Larretxon, Itzurun hondartzara bidean dagoen pilotalekuan. Printzipioz diogu, izan ere, euria dago iragarrita ostegunerako. Horren arabera erabakiko du antolakuntzak partida hauek noiz jokatuko diren.