Rocka eta gehiago, bihar, Dardara Festen

Baleike 2017ko abu. 18a, 15:19
Abraham LarraƱaga eta Ion Brakamonte

Zumaiako rock taldeak biltzen dituen Dardara musika kolektiboaren jaialdia izango da bihar, 18:30etik aurrera, Amaiako plazan. Euskal Herriko jatorri desberdineko sei musika talde igoko dira oholtzara, tartean Zumaiako bat, Marlik. Goizaldera bitartean rockak hartuko du plaza hura.

Bosgarren urtez antolatuko du Dardara kolektiboak bere Dardara Fest jaialdia. Sei izango dira Zumaian joko duten taldeak, bi txandatan banatuta. Jaialdia Nizuri Tazuneri trap taldearen kontzertuarekin hasiko da, 18:30ean. Jarraian, Marlik taldea igoko da oholtzara eta, lehen txanda amaitzeko, Cecilia Payne bizkaitarrak arituko dira jotzen. Afaltzeko tarte baten ondoren, bigarren txanda izango da, 23:00etatik aurrera, Sermonds, The Riff Truckers eta aurtengo izen handiarekin, Señor No beteranoekin.

Jaialdia handitzen joan da urtez urte, Dardarako kide Ion Brakamontek eta Abraham Larrañagak onartzen duten bezala. “Hasieran lau taldekin osatzen genuen jaialdia, baina azken urteotan sei taldera igo dugu. Tartean beti saiatzen gara herriko pare bat talde sartzen. Aurten ere hori zen gure asmoa, baina azkenean bakarrak joko du, Marlikek. Beste denak Euskal Herriko taldeak dira”, azaldu digute.

Kopuruan bakarrik ez, taldeek jotzen duten musika estiloetan ere izan dira aldaketak. “Hasieran punk eta metal aldera gehiago egiten zen, baina azken urteotan gehiago zabaldu da. Aurten, adibidez, trap estiloko talde bat izango dugu, hasieran. Marlikek rock klasikoa eta blues-rocka jotzen du eta Cecilia Payne mungiarrek indie antzerakoa. Gaueko txandan, bai, rock indartsuagoa izango da”.

Iazko jaialdia borobila izan zen eta izen ezagunak ere izan ziren: oraintxe bertan sona handia izaten ari den Luma bikote donostiarra, Niña Coyote eta Chico Tornado bikotea eta Capsula. “Aurten, agian, ez dugu halako izenik lortu, baina Señor No punk-rock talde donostiarra izango dugu. Pentsatzen dugu kalitatea bermatuta dagoela”.

Agertokiaz gain, taberna ere jarriko dute Dardarakoek plazan. 17:30etik aurrera zabalduko dutela adierazi digute. 

Erlazionatuak

Dardara Fest 2017

Baleike 2017 abu 01 Zumaia