Itzurungo Kronika I (I diot, ze guztiok ditugu hainbat, idatzi zurea!)

Miriam Romatet 2017ko abu. 14a, 12:05
Argazkia: Jone Telleria Arrieta

Abuztu honetan gainean dugun udazkenak tarte bat utzi digu. Atzokoa egun borobil horietakoa izan zen: goiz-bazkalondo bitartean, itsasbeheran, hondartzek, eta iluntze partean, Urola goian dela, Arranplak eta Moilaberrik ematen duten irudi ederrek, “Uda Zumaian, non hobeto?”, pentsarazten zaituen egun horietakoa izan zen.

10:30ak aldera etxetik irten, Itzurun gainera aldarte horrekin iritsi, eta lekua ondo hautatu nuen. Hemen esan behar dut Algorrin hazitako ume-nerabea izan naizela, eta 20 urteak pasa arte Itzurun gutxi zapaldutakoa; ez ditut hainbat familia eta kuadrillek dituzten betiko ohiturak, baina tira, nire kokalekua ezkerreko eskaileretatik jaitsi eta Santelmorako brankada baino lehentxoago izaten da.

Lekua begiz jo, hondar bustia baino gorago, mendiaren itzalak harrapatuko ez nauen leku bat (itzala eguerdi aldera mugitu egiten da, eta asko; gehiago uda aurrera doala), eta nire toailaren alde bakoitzera 6 bat metro hutsik...

Kremaz egin goitik behera eta lotarako asmo osoa...

Hamar minutu ziruditen tartetxoa ez zen pasako, eta... inguratuta nago! Nondik eta nola azaldu dira bat-batean nire inguru guztian toaila, flotadore, aulki eta sonbrillak? Sonbrilaren itzalak nire hanketako behatzak tapatzea ona izan daiteke, baina, eskerrik asko, baina, ez, eskerrik asko!, esan al dezaket?

Loa eta bakea amaituta, arnasketa Zen batzuek egin ondoren, gorputza geldirik eta burua dantzan, tontokeria batzuek bururatu zaizkit. Hementxe ba:

- Ikastaroak: Itzurunen Surf ikastaroak ematen dira, eta polita da. Baina, ingurumenarekiko begirune ikastaro falta izugarria dago. Bai, kolillak, San Miguel latak eta paper albala ez dira salitrearekin desegiten. Baina beste hiru ikastaro proposatu nahi nituzke:

  1. Toailak nola jarri eta non: batik bat eskailera eta dutxa pareetan muga izugarri bat jarri eta gero toaila zapaltzen diezunean aurpegi txarra jartzen dizutenentzat.
  2. Luizi arriskua adierazten duen kartelak zer esan nahi ote du? Itzal polit horretan zergatik ez naiz ba ni jarriko?
  3. Sorosleen bandera eta txilibituak. Zer dela eta hainbeste zalaparta olatu txiki batzuek daudenean?

- Goroldioa, oldiya: zer gertatu da aurten? Nondik ari zaigu iristen hainbeste? Eta horrek sortzen duen eragin ezberdina: que asco!-tik, ur ertzean goroldio gorriz estalitako turisten irudiraino.

- Holanda eta Belgikako turistek ordezkatu dituzte gure ohiko Urolako bisitariak. Azterketa bat egin behar litzateke: nondik atera dira bat-batean rubio hankaluze  hauek guztiak?

- Eta aipatu egin behar, OTA gora eta beherako marmarrak. Aurtengo canción del verano hondartzakideen elkarrizketetan.

Gehiago luza naiteke, baina Erriberarako vermoutharen deia iritsi zaidala eta, horretan uzten dut. Esandakoa, idatzi zuen kronika!