Imanol Lopez, Gernikako Grand Slamean txapeldun

Baleike 2017ko abu. 13a, 12:04

Gernikako Grand Slameko finala jokatu zen atzo leporaino bete zen frontoian. Sarrerak berehala saldu ziren eta ikusleak pilotalekuko txoko guztietan aurki zitezkeen. Finalean Olharan eta Imanol Lopez zumaiarra Barandika eta Ekhirekin neurtu ziren. Lehenak ziren faboritoak eta beraiek eraman zituzten txapelak etxera.

Olharan eta Lopez aurretik jarri ziren lehen seteko lehen tantuetatik. Tantuak lehiatuak baziren ere, atzo gorriz jokatu zuten Olharan eta Lopez hobeto aritu ziren une erabakigarrienetan. Bizpahiru tantu aurretik joan ziren lehen set osoan zehar eta amaieran 15-10 emaitzarekin irabazi zuten.

Bigarren setean borroka handiagoa izan zen. Barandika eta Ekhi lasaiago, loturarik gabe atera ziren kantxara. Hirugarren setera heltzea zen hauen helburua eta bosnako berdinketaren ondoren aurretik jarri ziren, baina tantu bakarrarekin. Markagailuan gorrien aldeko 12-11 emaitza zegoenean Olharanek eta Imanol Lopezek tantu bana egin zituzten eta 14-11 emaitzarekin jarri dira aurrean, norgehiagoka ia irabakita utziz. Azken tantuan Barandikak pilota kontrakantxara bidali zuen eta hor amaitu zen seta eta norgehiagoka, 15-11 emaitzarekin.