Nevermind Trio jazz hirukoteak kontzertua emango du gaur Mari kalean

Baleike 2017ko abu. 12a, 12:13

Zumaiako Musika Jaialdia bere azken txanpara heldu da. Bi saio besterik ez dira geratzen aurten jaialdia amaitzeko. Gaur, 20:00etan, Nevermind Trio jazz hirukotea izango da geurean beraien azken diskoa, Onena heltzea dago, aurkezten. Kontzertua Oxforden zen egitekoa, baina, eguraldia lagun, Mari kalera eramango da. 

Hirukotea laukote bihurtuko da gaur, disko honetako lau abestitan kolaboratu duen Juan Pablo Balcazar gehituko baitzaie.

Nevermind hirukotea 2009ko udan sortu zen Nevermind People-en izenpean. Orduan Nirvana taldearen bertsioak egin zituzten Ainara Ortega zutelarik abeslari; bizitza lez, ordea, taldearen izaera aldatuz joan da, baita taldekideena ere. Gaur egun, Hasier Oleaga bateria jolea eta Jorge Abadias gitarra jolea dira, hasieratik jarraitzen duten taldekide bakarrak. Hala, taldearen soinua ere garatzen joan da: hirukoteaabeslariarekin, abeslaririk gabe (bateria, gitarra eta Aritz Luzuriaga-ren baxua) eta azkenengo garaian hirukotea baina baxua ordez, Julen Izarra-ren saxoa txertatuz, zeinak soinu ez ohikoa nahitaez dakarren.

Bigarren (Be) eta hirugarren (Tree) diskoan nagusiki beraiek sortutako kantak jorratu zituzten. Bertan inspirazio iturri zeharo ezberdinak erabili zituzten, musika klasikotik rock-eraino. Eta oraingo honetan ildo beretik jarraitu dute, taldekide bakoitzaren musikari esperientziatik zerbait berria sortzeko ahaleginetan. Halaber, jazzeko inprobisaziotik abiatuta, elkarren arteko komunikazio eta jotzeko erak ere landu dituzte. Batzuetan garbi geratzen da zein den solista eta nori jarraitu behar zaion, beste batzuetan ordea muga hori lausoagoa da eta momentuak adierazten die entzuleei nondik jo behar duten.

Juan Pablo Balcazar ez da musikari arrotza Nevermind-ekoentzat. Izan ere, musikari kolonbiarra askotan aritu izan da beraiekin jotzen eta ez dio muzin egin gonbidapen honi. Dena den, bere baxua ez da soilik laguntzaile gisa arituko, taldearen musikarekin uztartuko da hirukoteari entzunez eta eraginez.