Faroe Uharteetan kontzertu bira egingo du Urval Ensemble klarinete taldeak

Baleike 2017ko abu. 11a, 09:33

Urval Ensemble klarinete taldeak hiru kontzertu emango ditu Faroe Uharteetan (Danimarka) datorren astean. Fuglafjørður, Tórshavn eta Vágum herrietan joko du laukoteak eta bertan Aita Donostiaren eta Jesus Guridiren musika eskaintzeaz gain, Pauli í Sandagerdi konpositorearen obra bat ere estreinatuko du.

Faroe Uharteetako konpositore honek taldearentzako obra bat idatzi du espresuki, Humoresque Vulgaris Faroensis, eta bira honetan estreinatuko du taldeak. 

Ez da lehen aldia Urval Ensemble euskal mugetatik kanpo ateratzen dela kontzertuak ematera. Aita Donostiaren kantak aitzakia bezala hartuta, euskararen eremu geografikotik kanpo, euskal kultura sustatzeko eta hedatzeko asmoz, hainbat kontzertu eskaintzeko gonbidatuak izan dira. Hala nola, Leonen, Avilan, Madrilen, Lincolnen (Estatu Batuak), Ghenten (Belgika) edo Assisin (Italia) jo du.