Atera txapelak eta lepokoak, badator eta Euskal Jai Eguna

Baleike 2017ko abu. 10a, 13:55

Txapelak eta lepokoak armairutik ateratzeko unea heldu da. Bihar Euskal Jai Eguna izango dugu herrian eta, eguraldiak laguntzen badu behintzat, egun honekin lotutako giroaz murgilduko da Zumaia. 

Ohi bezala, azoka izango da goizean alde zaharrean, 10:00etatik aurrera. Baserriko gaiak erosteko aukera izango da, baina, baita ere, artisautzarekin lotutakoak ere aurkitu ahal izango dira. 30 bat postu izango dira, alde zaharreko kaleetan banatuta. Haurrentzako zenbait tailer ere izango dira, kandelena, saskiena eta euskal ikurrena. Azokarekin batera, goizean zehar, txalaparta, alboka eta trikitixa doinuak izango dira. Baita Inpernupeko joaldunak ere. 

Eguerdian bertso saioak izango dira Unai Agirre eta Iker Zubeldiarekin. Lehen saioa, 12:00etan, Kofradiako balkoietan izango da; bigarrena, 12:30ean, udaletxeko balkoian. 

14:30ean egingo da herri bazkaria Beheko Plazan jarritako karpan. Txartelak pasa den asteburuan jarri ziren salgai, turismo bulegoan, 8 euroan helduenak eta 4 euroan haurrenak (12 urte bitartekoak). Kultura Sailetik adierazi dutenez, gutxi batzuk geratzen dira salgai. Bazkarira joan nahi duzuenok, mugitu beharko zarete.

Arratsaldean, 19:00etatik aurrera, sagardo dastaketa egingo da Beheko Plazan. Hamar sagardo etxetako ardoak edateko aukera izango da. Aurretik, edalontzia erosi beharko da, hori bai. 

Hemen duzue biharko egitarau osoa:

10:00 Baserriko gaien azoka

3 Taula txalapartarien saioa

10:30 Hala Gera taldearen alboka eta dultzaina doinuak

11:00 Inpernupeko Joaldunak

11:30 Zutrik taldearekin trikiti doinuak

12:00 Kofradian eta 12:30 Udaletxean balkoitik balkoirako bertso saioa: Unai Agirre eta Iker Zubeldia

14:30 Herri bazkaria

Bazkal ostean, euskal kantak Joxe Mendizabalekin

17:00-21:00 Amaiako plazan puzgarriak BMren eskutik

18:00 Beheko plazan Ttipika dantza gidatuak

Ordu berean Erkibe kultur elkartearen esku taloak

18:30 Amaiako plazan dantzaldia Joxe Mendizabalekin

19:00 Beti Jai Fanfarrearen kalejira

Ordu berean plazan,  sagardo dastaketa

23:00 Kofradian, erromeria Ezten Giro taldearekin