Krokodiloak, dortokak eta sirenak Odietan

Baleike 2017ko abu. 9a, 21:37

Hondarrarekin eskulturak egiteko tailerren lehen saioa eskaini du Andoni Bastarrikak, gaur arratsaldean, Torreberriren aterpean. Datozen bi asteazkenetan Santiago hondartzan emango duenaren ataritzat jo daiteke gaurko ekitaldi arrakastatsua.

Eguraldia lagun, hainbat haur hurreratu dira Odietara tailer honetan parte hartzera. Bastarrikak, haurrek egin nahi zuten eskulturaren arabera, hondar kopuru bat eman die eta han abiatu dira haurrak beraien ideiak hondarrarekin irudikatzera. Krokodiloak batzuk, izurdiak besteek eta dortokak hangoek. Batzuek sirenak ere sortu dituzte hondarrarekin.

Datozen bi asteazkenetan Santiago hondartzan egingo diren tailerren ataria besterik ez da izan gaurkoa. Abuztuaren 16an 16:00etatik 19:00etara eta hilaren 23an 11:00etatik 14:00etara egingo ditu Bastarrikak hurrengoak. Han ere animaliak sortuko dituzte haurrek, baina eremu handiagoan. Nolakoak? Hori haurren irudimenaren eta gaitasunaren arabera izango da.