Jaiotz Osak 'Suddenly', bakarkako bere lehen lana, ekarriko du bihar Zumaiara

Baleike 2017ko abu. 9a, 14:53
Argazkia: Mariló Míguez.

Jaiotz Osa dantzari zumaiarrak Suddenly izeneko bere bakarkako lehen lana ekarriko du bihar bere jaioterrira. Donostiako Gasteszenan aurkeztu zuen lana martxoaren 30ean. Bihar, eguraldia lagun, Odietan (20:00etan) egingo den saio hau Zumaiako Musika Jaialdiaren baitan kokatzen da. 

"Aspalditik bueltaka nuen ideia baten ondorioz sortua da. Iazko urrian Mikel Laboa Katedra beka lortu nuen, eta finantziazio horri esker hasi naiz nire pieza hau aurrera ateratzen. Gainera, Gipuzkoako Dantzaguneak ematen duen Sortutakoak beka ere irabazi berri dut eta honen bidez obra luzatzen ari naiz, garapen edo bide bat ematen", adierazi zigun aurkezpenaren bezperan Baleikeri eskainitako elkarrizketa batean. 

Interpretea izateaz gain, lehen aldiz, koreografoa ere bada ikuskizun honetan. "Beti esaten nuen ez nuela ezer egingo koreografo bezala. Izan ere asko gustatzen zait interpretatzea, besteek sortu duten pertsonaia edo munduan sartzea. Baina azken urte honetan ideia asko izan ditut eta baita bakarrik egoteko gogoa. Orduan ideia hauek plasmatzen joan naiz argazkiekin, testuarekin…".

Horrek guztiak beldurra, bertigoa, ere ematen diola onartu zuen Osak. "Bertigo pixka bat ematen dit, jakina. Baina hasiera hasieratik zerbait pertsonala den proiektu bat bezala hartu dut, eta nire helburua da benetan ateratzen zaidana egitea. Baditut konpainiekin proiektuak, eta hori da nire ogibidea. Hau berriz gauza pertsonalagoa da. Ondorioz, bertigoa baino gehiago plazerra izatea nahi dut. Nire helburua hasieratik hau izan da, eta espero dut horrela izatea".

Sinopsia

Eraikin baten gailurrean zaudenean, baliteke bertatik salto egiteko nahi antzeko bat sentitzea. Abiadura handian datorren tren bat iritsi aurretik ere halako zerbait sentitu dezakezu... Pertsona berezi horri eskua ematea pentsatzen duzun segundo hori, bere aurpegia ukitzeko tentazio hori. Burutik pasatzen zaizkizun istant horiek. Bertigoz beterikomomentuak.

Mug Mus laborategiaren saioa, jarraian

Jaiotz Osarena ez da izango biharko dantza saio bakarra. Jarraian, Mug Mus laborategiak Esku harriak / Oteizaren (h)aria izeneko ikuskizuna plazaratuko du. 

MugMus Laborategiaren lehen lan hau jatorrian antzokirako sortutakoaren kale egokitzapen laburtua da. Mugimenduaren (dantza), zuzeneko musikaren, eskulturaren, bertsolariaren, hotsen, espazioaren trataeraren... harilkatze fin baten bitartez ikusle-entzulea Jorge Oteiza artista polifazetikoak bere ibilbide aberatsean jorratutako iruditeri anitzaren berrirakurketa propio batean murgilaraziko da.