'Giri Eguna' antolatu du Torreberri Gaztetxeak igande honetarako

Baleike 2017ko abu. 8a, 14:32

Turismoa denen ahotan dago azken aldian. Era guztietako iritziak entzun daitezke honen harira. Torreberri Gaztetxeak ere debate honetan parte hartuko du igande honetarako antolatu duen Giri Egunarekin. Eztabaida, bazkaria eta kalejira antolatu ditu Giri Eguna. Turismoari satira bat izenburupean.

Eguerdiko 12:00etan hasiko dituzte ekitaldiak Turismo orekatua posible ote? eztabaidarekin. Ondoren, 14:30ean, bazkaria egingo da (txartelak Inperren eta Metron daude salgai, 6 euroan) eta 17:00etan kalejira egingo dute. 

Zumaiako Torreberri Gaztetxeko asanbladak komunikatua ere prestatu du. Honela dio:

"Inolako zalantzarik gabe esan daiteke gizakia gizaki denetik izan dela ibiltari, beti izan du leku berriak bilatzeko sen hori, askotan xedea bera ere zein den jakin gabe. Baina antzinaroraino joateko beharrik gabe, aspaldion halaxe gabiltzala dirudi: urte osoan zehar astoen tankerara lanean ibili ondoren, udako egun apur batzuk batek daki non argazkiak ateratzen, zarataka, lekuak betetzen, kalean atzera eta aurrera jarduten gara. Hona datozen turistak ere ez dira horren desberdinak izango.

Horrela esanda badirudi turismoaren ondorio eta eragin kaltegarri guztiak ia kausa naturalengatik gertatzen direla, itsu-itsuan doazen jendetza-fluxu gentrifikatu guzti horien atzetik inolako intentzionalitaterik ez balego bezala. Guk ez dugu hala ulertzen behintzat, jakin badakigulako pertsonak leku batetik bestera mugitzeak, elikatzeak, entretenitzeak eta ostatua emateak gauza bat sortzen eta eskatzen duela: dirua. Zerbitzarien, garbitzaileen, sukaldarien, administratzaileen eta orokorrean langileen lanetik sortua, ugazaben, jabeen eta maizterren eskuetan geratzen dena. Modu horretan funtzionatzen duen edozein jarduera ekonomikok gizartean desberdintasunak, bidegabekeriak eta miseria ekartzen ditu, eta guk bizimodu duina nahi dugu denontzat.

Lanaren auziaz gain, gazteak garen heinean etxebizitzak ere kezkatzen gaitu, ondotxo baitakigu nola eragiten duen turismoak alokairuen prezioan. Kontrolik gabeko turismo olatuak jasotzen dituzten lekuetan etxebizitzak ere espekulazio espiral zoroen barruan sartzen dira. Prezioen inflazioak bertako herritar langileek etxebizitza duina lortzeko eskubidea zapaltzen du, eta guk gure herrian bizitzeko aukera izan nahi dugu. Honen eredu da Zumaia, Airbnb enpresaren pisu turistikoak eta udan baino erabiltzen ez diren etxebizitza hutsek gora egiten duten bitartean, gazte asko turismo sektoreko ostalaritza enplegu prekarioei lotuak ezin dute alokairu bat ordaindu ere egin, emantzipazioa fantasia huts bihurtuz.

Gazteak garen heinean, emantzipaziorako aukerak murrizteak nahiz gure beharrak asetzeko lan prekarioan aritu beharrak kezkatzen gaitu, batez ere, baina jakitun gara turismo masiboaren albo kalteak hortik harago doazela. Lehen eta bigarren sektoreen azpiratzea, kaleetako euskararen presentzia jaistea eta herritarren arteko kohesio soziala galtzeak ere kezkatzen gaitu. Zentzu horretan, turismo ereduak herri ereduaz hausnartzera eramango gaitu, ezinbestean.

Ez dugu inondik ere problematika honen erantzukizuna edo errua bisitan etortzen diren turistengan modu arrotzean pertsonalizatu nahi, interes pribatuen nahieran jendetzak mugiaraziz gure eskubideak urratzen dituzten merkatuko indar-arauei baizik. Horrenbestez, elkarrekin duintasunez bizi ahal izateko, herri gisa batzea eta hausnarketa kolektiboa sustatzea ezinbestekoak ditugu, asko baitugu esateko".