Moilan lotutako bi txalupari sokak moztu zizkieten Galako gauean

Baleike 2017ko abu. 8a, 11:35
Urrbatela ontzia, ezkerrean, moilari lotuta

Txomin Agirre kaian lotuta zeuden bi txalupari sokak moztu zizkieten pasa den larunbatean. Gertakaria dagoeneko salatu dute Beduola elkarteko kideek. 

Igande goizean konturatu ziren Beduolakoak moilan lotuta zeuden bi txalupa falta zirela. "Hauetako bat egurrezko Urrbatela zen, elkartekoa, bestea batera lotuta zegoen plastikozko ontzi bat", azaldu ditu Beduola elkarteko kide Beñat Ibaietak. Urrbatela itsas kiroldegi parean lotuta aurkitu zuten; bestea, aldiz, GKN enpresa parean zegoen, mareak eramanda. 

"Ez dakigu sabotajea izan den edo, Gala Gaua izanda, mozkorraldi baten ondorioa", dio Ibaietak. Aurretik antzerako gertakariak izan direla gaineratu du. "Bi sokakin lotzen ditugu ontziak eta behin baino gehiagotan soka horietako bat askatuta agertu da". 

"Haurrak ibiltzen dira txalupetan jolasean eta horrekin arazorik ez dugu, baina, sokak moztea beste kontu bat da". Gertakaria dagoeneko salatu dute Udaltzaingoan, baina, irudirik ez dagoenez, zaila ikusten dute argitzea. Norbaitek honen berri badu, elkarteko kideekin harremanetan jartzea eskatu dute.