Kauldi Odriozola: “Munduko txapelketa irabazteak hobetzen joateko motibazioak emango dizkit”

Baleike 2017ko abu. 7a, 14:32

Munduko junior mailako txapelketa irabazi ondoren, atsedeneko aste batzuez gozatzen ari da Kauldi Odriozola. Eguraldia lagun bada hondartzara joan, itsasora irten... Baina baita gure deiari erantzun ere. Aljerian jokatutako txapelketaz hitz egin digu, baina baita bertan sentitu zuenari buruz ere.

Gosaltzeko geratu gara herriko okindegi batean eta han aritu gara hizketan.

Oporrik gabe zenbat urte zoaz?

Hau zazpigarrena da. Hasieran Soriara joaten ginen bizpahiru asteko kontzentrazioetara. Goizez eta arratsaldez entrenatzen genuen. Orain txapelketak jokatu behar ditugu eta hori polita da. Baina han egotea, bi astez, aspergarria zen. Hirugarren urtean Portugalera joan ginen txapelketa bat jokatzera eta hori ondo egon zen. Azken lauetan Europako eta munduko txapelketak jokatu ditugu jubeniletan eta juniorretan. 20 urte ditut eta ia udarik ez dut izan. Baina, azkenean gustura joaten naiz. Azken urteotan kristoren adiskidetasunak egin ditut. Ikusten dut selekziora joatea baliagarria dela, hobetzen joateko. Gero, gainera, Europako edo munduko txapeldun izatea ez dago denen eskura. 

Ariko zara zure ametsak betetzen.

Eskubaloian aritzen diren guztiek amesten dute hori, baina ez da batere erraza hori lortzea. Guk lortu dugu eta kristorena da.

Egun batzuk pasa dira txapelketa jokatu zenuenetik. Perspektibarekin, nola ikusten duzu txapelketa?

Lehenengo fasean ez genuen gure eskubaloi onena egin. Bilera bat ere egin genuen hirugarren partidaren ondoren. Iaz jokatu genuen Europako txapelketa perfektua izan zen. Eskubaloi oso ona egin genuen, irabazi egin genuen. Iaz dena alde izan genuen. Entrenatzailearekin eta taldeko kide guztiekin harreman oso ona genuen. Aurten desberdina izan da. Partidak irabazten genituen baina ez genuen eskubaloi on hori egiten. Jendea bereari begira gehiago zegoen. Irabazten ari ginen, baina lehen faseko aurkariak ahul xamarrak zirelako. Ikusten genuen final-laurdenetan, horrela jarraituta, talde on baten aurrean kalera joango ginela. Bilera luzea eta produktiboa izan zen. Asko lagundu zigun. Erabaki genuen gehiago pentsatuko genuela taldean bakoitzaren kontuetan baino. Gainera, uda osoan ari ziren esanaz urrezko domina irabazteko aukerak genituela, lehen aldia izango zela eta horrek presioa handitu zigun. Esan genuen pausoz pauso joango ginela eta ikusiko genuela zer gertatzen zen.

Iaz talde bateratuaren izaera bazegoen, aurten zer gertatu dela uste duzu?

Jokalari askok Asobal ligan jokatu dugu eta asko garrantzitsuak izan dira edo izan gara gure taldeetan. Pixka bat egoak ere sartu dira. Batzuk selekzio absolutuarekin ere jokatu dute; beste batzuk kanpoko taldeekin fitxatu dute. Ez da nahita egindako zerbait izan, baina hala gertatu da. Onena izan da hori hasieran gertatu dela eta jakin dugula buelta ematen. Bilera horren ondoren, laugarren partidan, dena desberdina izan zen. Beroketa bertatik igarri genuen. Mazedoniaren aurka jokatu genuen eta lehen zatian jada 11 goletik irabazten ari ginen.

Ikusten genuen azken urtea zela batera jokatuko genuela. Hemendik aurrera jokalari asko beraien taldeen aurka jokatzean ikusiko ditut. Halako beste uda bat ez dugu izango. Alde horretatik pena pixka bat ere ematen du. Gogorra da hilabete bat hala entrenatzen egotea, baina denbora horretan pertsona horiekin bizitzen egon zara eta harreman handia egin dugu. Familia bat bezala da eta, berriro ez egoteak elkarrekin, pertsonalki, pena ematen dit. Baina, kirola hala da.

Urrezko domina lortzeko presioa izan duzuela esan duzu.

Federazioa baino gehiago, prentsa aritu da esanez lehen aldiz urrea lortzeko aukerak zeudela. Belaunaldi oso ona zela eta guretzako azken aukera zela. Baina, nik uste, guk ez dugula erakutsi besteak baino gehiago ginela. Finalaurrekoetara sartzea izan behar zuen helburua. Ikusten nuen munduko lau edo sei talde onenen artean bageundela, baina, hortik aurrera... Partida batera edozeinek irabazi zaitzake. Final-laurdenean Hungaria izan genuen aurkari eta luzapenean irabazi genuen, ondo sufrituta. Une batzuetan uste genuen kalera gindoazela. Zortea, batzuetan, alde izan dugu, finalean, Danimarkaren aurka, atezainak azken unean penaltia gelditu zuenean bezala. Gola sartu bazuten, gu munduko bigarrenak izango ginateke. Geratu zuen, eta munduko onenak gara. Xehetasun txikiak dira.

Urrearekin denon amesten genuen. Baina oso zaila ikusten nuen. Frantzia zen faboritoa, Alemaniak ere oso talde gogorra zuen. Danimarka, Hungaria, talde asko zeuden. Urtero bezala, esaten genuen finalaurrekoetara heldu behar genuela eta, behin hara helduta, dominaren borrokan sartu behar genuela. Lehen urtean, finalaurrekoan, Frantziaren aurka gol batengatik galdu genuen, baina gero brontzezko domina lortu genuen Danimarkaren aurka. Bigarren urtean, finalaurrekoan, Frantziak sekulako plastatekoa eman zigun finalaurrekotan eta hirugarren eta laugarren posturako partidan galdu egin genuen; laugarren geratu ginen. Hura izan zen urte txarrena. Iaz, finalaurrekoan, Kroaziari irabazi genion eta finalean Alemaniaren aurka, han ere luzapenean, irabazi genuen. Aurten luzapenean pasa gara finalaurrekoetara eta han Alemaniaren aurka jokatu dugu. Txapelketako partida zailena izan da.

Eta gero finala. Asko sufrituko zenuten.

Gehiago sufritu genuen finalaurrekoan. Bagenekien Frantziak galdu zuela eta haiek ziren faboritoak. Banaka, jokalari aldetik, onenak ziren, baina talde bezala ez zuten jokatu. Hori jakinda esan genuen finalaurrekoa kosta ahala kosta irabazi behar genuela. Bagenekien Danimarka Frantzia baino errazagoa zela. Ez genuen beste mundial batean laugarren geratu nahi. Behin irabazita, finalera presiorik gabe pasa ginen.

Finalean hasieratik jarri zineten aurretik.

Nik uste finalaurrekora pasa ziren lau taldeetatik ahulena zela Danimarka, oso ona izanda ere. Hasieran sei jokalarirekin erasotzen hasi ziren eta hor gu beraiek baino hobeagoak ginen. Gero, atezaina kendu eta erasoko zazpi jokalarirekin hasi ziren, eta hor oso ondo egon ziren. Frantziari hala irabazi zioten finalaurrekoan. Bigarren zatian aurretik ere jarri ziren. Baina, zazpi erasotzailerekin jokatzeagatik ere galdu zuten, garaipena eman zigun golean beraiek atezainik gabe zaudelako.

Aurretik, denbora amaituta zegoela, eta markagailuan berdinketa zegoenean, aurkako penaltia adierazi zuen epaileak. Halako une batean zer pentsatzen da?

Denok berdina pentsatu genuela esango nuke: finala galdu dugu. Gola sartuko dute eta gol batengatik galduko dugu. Atezainak, gainera, finalean ez zuen partida onena jokatu. Txapelketa handia egin zuen, baina justu finalean, une horretara arte, ez zuen asko geratu. Baina penaltia gelditu zuen eta, luzapenean, azken bi jaurtiketak ere bai.

Partida amaitu zenean, zer pentsatu zenuen? Zein etorri zitzaizun burura?

Denek galdetu didate gauza bera. Partida amaitu baino bi segundo lehenago ez duzu pentsatzen irabaziko duzula. Une horretan euforia handia sentitu nuen. Korrika atera nintzen, taldeko denei heldu nien, saltoka egon ginen, batzuk negarrez ari ziren. Ez zara konturatzen zer irabazi duzun. Munduko txapeldun zara, baina une horretan ez nuen ezertan pentsatu. 

Denbora behar da asimilatzeko, ezta? Orain, egun batzuk pasa direla eta, konturatu al zara zer egin duzuen?

Ez dakit zer egin behar den! Eskubaloian hasi nintzenean hau lortuko nuela esan bazidaten, ‘bai zera!’, erantzungo nien. Azkenean, urteak pasa, entrenatu, horra heltzeko gogoak izan, iritsi gara eta lortu dugu. Baina, hemendik aste batzutara, ahaztu ez, baina berriro taldearekin hasiko naiz eta beste helburu batzuk izango ditut. Azkenean lanean jarraitzeko motibazioa ematen dizu. Absolutuarekin jokatzea agian ez, oso urruti dagoelako, baina hobetzen joateko eta taldearekin beste helburu batzuk izateko motibazioa emango dit.

32 gol sartu dituzu txapelketan, bost finalean. Arazo fisikoak ere izan dituzu. Nola ikusi duzu zure burua txapelketan zehar?

Saihetsean hartu nuen min, Mazedoniako partidan. Kolpe bat jaso nuen eta beroan ondo nengoen, baina gero mina sentitu nuen. Lehen faseko azken partidan, Tunisiaren aurka, ez nuen jokatu. Gero, molestiak sentitu nituen txapelketa osoan zehar; partidak jokatzean ez, baina ondoren bai. Baina, herrenka bazen ere, txapelketa hori jokatuko nuen.

Bestela, pozik egongo zara egindako lanarekin.

Ez da izan Bidasoan bezala. Han titularra naiz ia partida denetan. Selekzioan baino partida gehiago jokatzen ditut han. Selekzioan Aleix Gomezek postu berean jokatzen du. Berak txapelketa handia jokatu du, zazpiko onenean amaitu du, baina ez dago konpetentziarik gure artean. Lagun minak gara. Ni eserlekuan nagoenean berak onena ematea nahi dut. Txapelketa honetan gehiago jokatu behar izan dut hegaleko postuan. Denbora asko nindoan postu horretan jokatu gabe, baina ondo sentitu naiz. Uste dut taldea lagundu dudala eta gustura nago.

20 urte besterik ez dituzu eta sekulako palmaresa. Zer gehiago eskatu daiteke?

Azken bi urte hauetan maila profesionalean ari naiz, baina nik beti gauza bera diot: ni eskubaloian disfrutatzeko nago. Asko gustatzen zaidalako nago hemen, eta hori gertatzen ez denean agian utzi egingo dut. Hemen eskubaloitik ezin duzu bizimodurik atera, ez etorkizunera begira, behintzat. Horregatik nabil ingeniaritza ikasten, etorkizun bat izateko. Bidasoarekin beste urtebeteko kontratua daukat, eta gero ikusiko dugu. Eskaintza bat etorriko den edo, beraiek berritu nahi gaituzten edo ez, hori ez dakit. Ikusiko dugu.